Irun eta Hondarribia Oarsoaldearekin lotzeko hobekuntza nabariak ekarriko ditu Lurraldebusek

Antxeta Irratia 2023ko mar. 30a, 00:00

Irun, Orereta eta Donostia lotzeko hiru linea berri eta orain arteko autobusen maiztasunaren azkartzea iragarri du aldundiak Lurraldebuseko zerbitzuaren emakidea berrian.

Oarso-Bidasoaldeko autobus zerbitzu eraginkorragoak eskaintzeko hainbat hobekuntza aurkeztu berri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hiru autobus linea berri sortuko dituzte Donostia, Orereta eta Irun lotzeko, eta eskualdeko 8 (Hondarribia barne) udalerrien arteko lineatan maiztasunak hobetuko dituzte.

Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Rafaela Romerok esplikatu duenez, 346.000 biztanle dituzten 8 udalerriri ematen die zerbitzua, gipuzkoarren erdia, eta 2022an Lurraldebusek 8 milioi bidaiari jaso zituen eskualdean. Aldaketa nagusiak Bidasoaldean hauek dira.

LINEA BERRIAK

BI01 linea sortuko dute, geldialdirik gabe Irun eta Donostia zuzenean lotzeko autopistatik (Intxaurrondo eta Grosetik pasatuz).

BI03 linea sortuko dute. Honako ibilbidea izango du: Hondarribia, Irun, Oiartzun (Arragua), Errenteria-Orereta, Pasai Antxo, Pasai San Pedro.

HOBEKUNTZAK

Donostia eta Hondarribia lotzen dituen E21 lineak, 45 minutuko maiztasuna izango du.

BI02 linea indartuko dute, Hondarribia eta Donostia zuzenean eta geldialdirik gabe lotzeko.

Hondarribia-Irun E22 linea (Anaka, Katea eta Txingudi merkataritza zentrora doana), BI04 linea izango da hemendik aurrera, eta maiztasuna handituko dute.

Eta Hondarribia eta Irun arteko autobusek 10 minuturoko maiztasuna izango dute. Horretarako Hondarribia-Irun E25 linea BI05 berrizendatuko dute.

Bukatzeko Hondarribia eta Irun artean, lanegunetan ere gaueko zerbitzua jarriko dute

Lurraldebusen kontzesio berriak, bestalde, autobus elektrikoak sartzea aurreikusten du. Gaur egun Oarso-Bidasoaldean 255 ibilgailu daude martxan, eta horietatik % 30 hibridoak dira.