Udal Gobernuak "ardura eta koherentzia" eskatu dio Irungo EAJri, udaltzainen baliabide eskaxak salatzen dituen bitartean, jeltzaleek kudeatzen duten Irungo Ertzaintza Komisaldegian efektiboak apaldu dituelako Eusko Jaurlaritzak.
Irun hiriko kaleko-segurtasuna edo segurtasun eza eztabaida politikoa bilakatu da azken asteotan. Joan den ostiralean udal taldeek egindako aurreneko Segurtasun eta Bizikidetza Batzordeak ez ditu gauzak lasaitu. EAJk udaltzain gehiago eskatu baitizkio udal gobernuari, 2019an 97 ziren bitartean, gaur egun 92 direlako jeltzaleen arabera, eta Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera delituek ia %50 egin dutelako gora 2019tik Irunen.
Udal Gobernuak, aldiz, ez du errealitatea berdin ikusten. EAEko hiri nagusien artean, Irun delitu kopuru apalenetakoa dela diote. Berez, 1.000 biztanleko 69 delitu urtean, Gasteiz eta Getxon baino gehiago, baina Bilbo, Donostia, Barakaldo eta Tolosan baina gutxiago aldi berean. Eta delituen gorakada nagusia trafiko-delituak direla aintzat hartu beharra dagoela argitu nahi izan du Cristina Labordak, Udaltzaingoko udal ordezkariak.
Bestalde, udaltzain efektibo eskaxei buruz, Laborda ez dago jeltzaleekin ados. "Udaltzain gehiago eskatzen dituzten bitartean, Eusko Jaurlaritzaren eskumena den Irungo ertzain-etxean eman den efektiboen apaltzeari buruz kezkaturik gaude", azaldu du, eta iragarri du azalpenak eskatu dizkiola udalak jaurlaritzako Herrizaingo Sailari, ertzain kopurua murriztu izanagatik. Horiek hala, Irungo EAJri "ardura eta koherentzia" galdegin dio zinegotzi sozialistak, Irungo udalari gauza bat leporatzen dion bitartean, euren alderdi politikoaren ardurapeko polizia-indarrak apaltzen dituelako.
Bestalde, jeltzaleek zerrendatu dituzten egungo 92 udaltzain beharrean 102 daudela argitu du, eta aurki Arkautetik 12 udaltzain laguntzaile gehiagorekin lantaldea indartuko dutela iragarri du. Halere, Antxeta Irratiak jakin izan duenez, 102 udaltzain plaza onartuak daudela egia bada ere, ez dira lanpostu guztiak betetzen gaur egun. Beraz, zenbakiak ez dira ateratzen ongi.