2023ko aurrekontuen Hendaiako herriko kontseilua ospatu zen atzo. Orotara 18.403.125€ kopurua baliatuko du herriak urteko proiektuak garatu eta eguneroko gastuei aurre egiteko. Baina etxebizitza eta ingurumena zaintzeko baliabide eskaxak nabarmendu dituzte abertzaleek.
Jakina den bezala, Kotte Ecenarroren gobernuak proposatutako inbertsio nagusietan, Irandatzeko igerileku berriaren proiektua eta hiri-barnearen berritze proiektu urbanistikoa dauden bitartean, "krisi ekonomikoa eta sozial sakon" batean gaudela aitortuta, tasak eta inposak izozturik mantentzea deliberatu dute.
Politika ardatz nagusietan, 300.000 euroko aurrekontua onartu du Hendaiak, etxebizitza sozial berriak eraikitzeko lurren erosteko eta honen azterketa egiteko. Kontuan hartuta, Hendaiako etxebizitza guztien %38a bigarren bizitokia dela, eta aldi berean, hendaiarren %75ak bizitoki sozialak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztela aintzat hartuta, herriko behar handienetakoa dela oroitarazi du Hendaia Biltzenek. Eta etxebizitza politika ausartagoak eta neurri xorta galdegin dute abertzaleek.
Bestalde, mugikortasun-eredua baldintzatzen duen etxebizitza eredua, eta hauek okupatzen dituzten lurrak aintzat hartuta, ingurumen eta ekonomia sozial eraldatzailearen eskutik, eskoletan eta jantegi kolektiboak hornitzeko proiektuan eman beharreko urratsak, eta tokiko laborantza sustatzeko, oraindik ere Legarralde eremuan bete beharreko konpromisoak gogoan izan ditu Hendaia Biltzenek.
Gastuen emendioa
Bestalde, Hendaiako 2023ko aurrekontuen gastuei begira, langilegoaren soldata aurrekontua %5,5ean emendatzea onartu egin dute (ordainsarien igoera onartuta), eta gastu gehigarrietan emana da ere argindar eta gas hornidura gastuen %50eko emendioa. 2022an 900.000 euro bideratu zituzten bitartean, bizi dugun energia krisi egoeraren prezioei aurre egiteko 450.000 euro gehigarri onartu behar izan dituzte.
Era berean, aparteko aurrekontua duen Zokoburuko laket-portuari dagokionez, 641.000 euroko budjeta onartu dute.