Ostirala honetan, Irungo 3. DBHko ikasleen arteko EUSLIDER Olinpiadak ospatuko dituzte Urantzu frontoian 10:00etatik aurrera. Ikasleek beraiek proposatutako jolas-kooperatiboen bitartez, "euskararen erabileran jokaera berriak sortzeko dinamika" ari dira lantzen ikasturtean zehar AEKren eskutik.
Euskararen erabilerari bultzada emateko Irungo ikasleek beraien ahaleginaren irudiko izango da Urantzu frontoia martxoaren 31an. La Salle eta Erain izan ezik, ikastetxe guztiak bat eginik, gazteek euskara "gehiago eta gehiagotan" hitz egin dezaten Eusliderrak hautatu dituzte ikasgeletan, eta olinpiadarako ordezkariak hautatzeko barne lehiaketa egin dute patio orduetan hezkuntza zentro bakoitzean. Ostiraleko hitzordua antolatzeko ere, ikasleak mobilizatu dira lantaldeak osatuz, ikastetxez-ikastetxe, jolasak antolatu, apainketa, logistika, barne eta kanpoko komunikazioa etabar...
Eguzkitza ikastetxeko Euslider lantaldea (Olaia Verdasco Beltzuntze, Amaia Lopez Fernandez, Aia Lekuona Barandiaran, Joana Dimitrova Ezekieva, Aiora Borda Salaberria) izan dugu gonbidatu Goizeko Kafean proiektuaren berri emateko. Eta Euslider proiektuari buruz xehetasunak emateaz gain, euskararen erabilerarekin kezka azaldu dute ikasleek. "Irunen kalean eta eskolaz kanpoko jardueretan ez ezik, orohar, ikastetxe barruan ere gehiago entzuten da erdaraz euskaraz baino", azpimarratzen dute. Ikasle eta irakasleen arteko harremanak euskaraz badira ere, ikasleak nerabezaroan sartu orduko euskararen erabilera asko apaltzen dela diote.
Hori iraultzeko tresna izan daiteke Euslider proiektua. Eta hein batean eskola barruan eragin badu ere, orohar "euskararen aldeko jarrera ez dutenen artean ez" dela eraginkorra izan aitortzen dute.
Jokaera berriak sortzeko tresna
2010ean hasi ziren Ahize aholkularitza zerbitzuak eta AEK-k Euslider proiektuaren bitartez euskararen erabilera bultzatu nahian. Norbere txokotik ahalegina egin dezakeen arren, izan enpresa, elkarte, udal erakunde zein ikastetxeetan kolektiboki eragiteko metodologia garatu dute. "Hizkuntza ohiturak eraldatu baino, jokaera berriak sortzeko helburua dugu, hazia jartzen dugu aldaketa ahalbidetzeko", argitu digu Maialen Begiristainek, EusLider proiektuaren koordinatzaileak. Behe Bidasoa eskualdean Hirubide, Toki Alai eta San Vicente de Paul ikastetxeetako DBHko ikasleak izan ziren aurrenekoak EusLider bilakatzen. Baina Txingudi Ikastola edota Eguzkitza ikastetxea ere lotu dira dinamikara.
Hezkuntza zentroak egokiak dira programa garatzeko, gazteak han biltzen direlako, baina "euskaraz hitzegiteko joera naturala duten gazteak EusLiderrak bilakatuz" hauek ahaldundu eta taldean eragiteko proiektu ezberdinak proposatzen dituzte gero, ikastetxean bertan ala kanpoan.
Zentzu honetan, euskararen erabilerak Irunen duen egoera kezkagarria ezin ahantzi daiteke. Gazte Eusliderrek beraiek aitortu digutena. Izan ere, irundarren %41a euskalduna bada ere (Gipuzkoako udalerrien artean tasarik apalena) SIADECOk egindako azken kale-entzuketa inkesten arabera %8ak baizik ez du egunerokoan euskara erabiltzen.