Hendaiako Baleak elkarteak antolatzen dituen solasaldien hurrengo hitzorduan (martxoak 30 - 18:30ean) sendabelarrak izango dituzte hizpide, Garbiñe Larrea Iturralde naturopataren eskutik. 'Sendabelarrek dakitena' liburuaren egilearen arabera, "gure ondare inmaterialaren parte diren sendabelarren ezagutza suspertzen ari da".
Sendabelarren inguruko ezagutza mendeetan zehar belaunaldiz-belaunaldi transmititu izan da, hasiera batean ahoz-aho eta familia kultur ezagutzaren baitan. Gero idatziz. Eta gaur egun, ekarpen berriak egiteko ikerketa lanetan diharduten adituen eskutik, "erabiltzeko liburu" gisakoak badira adituek idatzirikoak. Horietariko bat da 2021ean ARGIAk proposatuta Garbiñe Larrea Iturraldek idatziriko 'Sendabelarrek dakitena'.
Liburu honetan 45 sendabelarren propietateak ezagutzeko eta osasunaren mesedetan erabiltzeko informazio zehatza aurkituko duzu. Baita horiek erabiltzeko ukenduak, tinturak edota infusioak egiteko azalpenak ere. Azken batean, sendabelarren inguruko "ezagutzan sakontzea, ikasitakoa eta jasotakoa elkarbanatzea, eta ekarpen berriak egitea" du aditu honek helburu. "Askotan solasaldietan norbere etxeko ukenduaren errezetarekin etorri izan zait jendea, eta eskertzen dut", dio. Bere ustetan, asko dugu ikasteko eta gordetzeko oraindik. Arazoa bere ustetan Dr. Google iritsi zenean sortu zen, ezjakintasunak erabilera desegokia eta arazoak dakartzatelako, eta bertan agertzen den guztia ontzat ematen delako. Baina gaur egun oraindik ere zalantzak edo beldurra sor dezaketen sendabelarren inguruan asko ikertzeko badago ere, "belaunaldiz-belaunaldi familietan eta baserrietan egin izan dena, aski frogatua dago". Hala, landareen toxizitatea eta albo kalteen ezagutza praktikoak eskura jarri nahi ditu aditu honek bere liburu, ikastaro eta hitzaldietan.
Azken batean, "gaur egungo botika asko sendabelar horien elementuak isolatuz ekoizten ditu industria farmazeutikoak, printzipio aktibo beretsuak dira", argitzen du, "baina garai batean besterik ez zegoenean esperientziatik sortutako erabilera da sendabelarrena". Hau da, gure kale, baratze, mendi eta basoetan dugun ondare inmateriala.