Erakunde publikoen, Gipuzkoako Futbol Federazioaren eta Reala bidelagun dituztela, Mariño eta Real Unionek eskutik helduta aurrerapausoa eman dute emakumeen futbolari Irunen eta Gipuzkoan bultzada kualitatibo baten emateko.
Mariño eta Real Unionek indarrak batu dituzte emakumeei futbol proiektu sendo eta indartsu bat eskaintzeko. Lau urteko hitzarmena sinatu dute horretarako, eta Igor Emery Real Unioneko presidenteak nabarmendu duenez, urte askotarako jarraipena ukan dezan helburu dute. Mariño erreferentziazko kluba da emakumezkoen futbolean. Izan ere, 2003an hasi ziren horretan, eta haien egitura eta eskarmentua probestu nahi izan du Real Unionek orain, txuribeltzen aspaldiko gabezia estaltzeko. Emeryk aitortu duenez, zuzendaritza talde berria osatu zutenetik aritu dira halako ekimen bat martxan jarri nahian. "Urte eta erdi daramagu aukerak aztertzen eta bilerak egiten, eta pozgarria da guretzat oso garrantsitzua den proiektu amankomuna aurrera ateratzen dela ikustea", dio txuribeltzen presidenteak.
Horiek hala, Irunen, Bidasoan eta Gipuzkoan emakumeen futbola indartzeko proiektua izanik, hainbat bidelagun dituzte bi klub irundarrek. Irungo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia ez ezik, Reala ere hor dago. Realaren izenean Garbiñe Etxeberria emakumeen kirol zuzendaria pozik azaldu da proiektuarekin. "Gaintxurizketatik Bidasoaldera emakumeen futbolak indar handia izan du beti Mariñok egindako lanari esker, eta goi mailako futbolari asko atera dira bertatik, beraz, emakumeen futbola suspertzeko proiektua ongi etorria da beti, eta Realaren babes osoa du", azaldu du.