Gipuzkoako Foru Aldundiak 2029 arte iragarri duen 22 milioi euroko inbertsio-planak talde ekologistaren harridura sortu du. Gipuzkoako Batzarrek 2013an Errenteria-Irun zatia 2021erako egina egongo zela onartu zuela oroitarazi dute, bidegorrietan «barraskiloen-abiadura» daramatela leporatuz.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2011an Gipuzkoako Bizikleta Planaren baitan, Errenteria-Irun bidegorria 2021 urterako prest egongo zela plangintzatua eta 2013an Batzar Nagusietan onartua zuen. Horregatik, Mugikortasuneko diputatuak, Rafaela Romero sozialistak joan den astean Donostia-Irun bidegorria osatzeko iragarri duen sei urterako 22 milioi euroko inbertsio-plana "propaganda hutsa" dela salatu du Eguzki talde ekologistak. Plangintza berriaren arabera, aipatutako bidegorri zatia Gaintxurizketaz gaindi 2029rako aurreikusten baita orain. "Orain diotenez, hiruzpalau urte beharko dira azterketa egin eta proiektua hasteko", kexu da Gari Plazaola, Eguzki taldeko kidea.
Zentzu honetan, Gaintxurizketak suposatzen duen oztopo larria gainditzea "giltzarri" dela oroitarazi du Eguzkik, mugikortasun jasangarriaren aldeko benetazko apostua egin nahi bada Oarso-Bidasoaldean. Baina Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu duen proiektua ikusirik, "bizikletak molestatzen ez duten lekuetatik" bideratuko dituztela salatzen du, eta ez bide ziklable zuzen eta egokietatik.
Oroitarazi beharra dago, Balazta elkarteak Irun-Hondarribia bidegorria osatzeko aldarrikapen historikoari ez zaiola oraindik ere aterabiderik eman. Anartean, Donostia-Irun arteko bidegorri proiektu honek dituen 8 ataletan, gure eskualdean 4 milioi eurotik gora bideratuko lirateke. Gaintxurizketatik Hondarribian egina dagoen Jaitzubiko bidegorri zatiarekin lotzeko. Irungo industrigunetik Jaitzubiako hipika eta bide bazterretik Txingudi Ikastola gurutzatzen duen errekaren gainetik aurreikusten dute bidegorria.