Oinaurren 2.000 metro koadroko anbulategi bat beharrezkoa dela aitortu dute jeltzaleek. Baina Irungo Udalak Via Irun eremuko garapena "lehenbailehen" hasiko balu, Erdigunekoa ordezkatuko duen proiektu berria 4 urtetan eraikia egon daiteke haien ustetan.
Irungo hirugarrren anbulatorioaren eztabaida politikoak bere horretan jarraitzen du, herritarren osasun zerbitzu publikoen premia gorriari erantzuten ez zaion bitartean. Osasun Bidasoa Plataformak jakinarazi duenez, ostiral hontako Irungo udalbatzan Oiasso Auzo Elkarteen Federazioak aurkeztuko duen mozioa babestuko du, eta Dunboako anbulategian osteguneroko elgarretaratzea deitu du 14:00etan.
Gogor salatzen du plataformak Osakidetzak egin duen OSI Bidasoko 2023-2033 Plan Zuzentzaile berria. Hain justu, Irungo alkateak salatu duenaren hari beretik, 2013az geroztik plangintzatutakoa "egun batetik bestera hankaz-gora" jartzen duelako.
Irungo EAJ udal taldeak, aldiz, Osasun Sailak egindako azken azterketak argudiatu ditu, VIA IRUN eremuan kokatu nahi duen anbulategi berriaren alternatibarekin tematzeko. Jeltzaleek lursail bat ere proposatu dute. Tren geltoki berriak Aduana kalean izango duen sarreratik oso hurbil, Udaltzaingoak ibilgailuen biltegirako baliatzen duen 7.000 metro koadro baino gehiagoko orubea. Udal jabetzakoa izanik, hau Osakidetzari lagatzeko "Via Irun eremuaren garapena lehenbailehen has dezala" galdegin diote udal gobernuari, anbulatorio berria 2027rako errealitate bilakatzeko. "Lau urtetan egin daiteke lanak modu solapatuan eta antolatuan egiten badira", segurtatzen du Iridoyk.
Bestalde, Oinaurren hirugarren anbulategiaren proiektua ere beharrezkoa dela aitortzen du Xabier Iridoy jeltzaleak. "Dunboakoaren parekoa beharko luke, Osakidetzak aurreikusten dituen 2.000 metroekin nahikoa izan daiteke", dio "baina alkateak defendatzen duen Erdiguneko anbulatorioa berritzea ez da egingarria". Haien ustetan, erreferentziazko anbulategi handiena, VIA IRUN eremukoa behar du populazio gehiengoaren eskura egongo delako.