Frankismo garaian Arantzan emisioan egon zen euskarazko irratiaren inguruan aritzen da Fuentes 10 watt bakarrik dokumentalean.
Oier Fuentes beratarra Arantzako irratiaren inguruan mintzatu da 10 watt bakarrik izenburua duen dokumentalean. Frankismo garaian, Nafarroan, euskaraz aritzen zen herri irrati bakarrenetarikoa zen eta gehien iraun zuena. Bortz urtez egon zen emisioan, herriko kontuak, inguruko berriak, bertsoak eta musika paratzen. Salaketak zirela medio, emisioa geldiarazi zuten, baina Fuentesek zenbait saio berreskuratu ahal izan ditu.
Emisio horiekin eta garai horietan irratia aditu zuten herritarrekin egindako elkarrizketek osatzen dute Fuentesen proiekzioa. Ez da erraza izan materiala pilatzea, beratarraren hitzetan, baina gaiak eta irratiaren munduak beregan pizten duen interesak denboran nahiko luzatu den lan hau egi bihurtzera eraman du.
Atzo, martxoaren 28an, Iruñeako Baluarten ospatzen ari den Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian aurkeztu zuen lana eta harrera ona izan duela onartu du egileak. Horrelako lan bat zinemetara edota herriz herri eramatea zaila bada ere, argi du Arantzan erakutsi nahi duela, bertakoek eta eskualdekoek honen berri izan dezaten.