Energia sektorea demokratizatzeko dauden aukera errealak aztertuko dituzte hiru solasalditan. Norbere energia ekoiztu eta kontsumitzeko komunitateak sortzeko eman beharreko urratsak argituko dituzte adituen eskutik.
Aldaketa klimatikoaren erronkan trantsizio energetikoa giltzarri izango dela sinetsita, 'ENERGIA BERRIZTAGARRIEN KOMUNITATEA, AUTOKONTSUMOA ETA EFIZIENTZIA ENERGETIKOA' hitzaldi zikloa antolatu du Irungo EH Bilduk. Trantsizioa, ez delako hainbeste energia iturriei buruz soilik eman behar, enpresa multinazional energetikoei alternatiba emango dien energia sorkuntza demokratizatzeko ekimenetan baizik.
Garai otan bizi dugun krisi energetikoa kontuan hartuta, eta “enpresa hauek inoiz izandako irabazi handienak lortzen dituzten bitartean, herritarrok faktura neurririk gabe garestitzen direla ikusita”, alternatiba errealetan sakontzeko beharra nabarmendu du Ane Unanuek, Irungo EH Bilduko hautetsiak. Helburu horrekin, herritar taldeak antolatu eta euren energia berriztagarria sortu zein kontsumitzeko eman beharreko urratsak aztertuko dituzte Palmera Montero gunean antolatuko dituzten hiru hitzaldietan.
Joxe Cayetano, EH Bilduko kideak aitortu duenez, krisi energetiko larria bizi dugu. “Aldaketa klimatikoa ez da uste bat, denok dakigu baieztatu egin dela, baina krisi guztietan bezala, eraldaketarako aukera ere eman dezake”, dio bilkideak. Hortaz, hitzaldiaetan parte hartzera animatu ditu irundarrak.
Aurreneko hitzordua, martxoaren 28 honetan izango da. 'Energia berriztagarrien garrantzia - Trantsizio energetikoa' izenburupean, Mikel Otero, EH Bilduko eusko legebiltzarkidea eta energia gaietan aditua gonbidatu dute.
Apirilean, Goiener kooperatiba gonbidatuko dute 'Zer dira energia berriztagarrien komunitateak?' galderari erantzuteko helburuarekin. Eta maiatzan herritar taldeak antolatu daitezen, 'Energia berriztagarrien komunitateak - Esperientziak partekatuz' mahaingurua proposatuko dute.