Hendaian Udaberriko Garbiketan 320 kilo hondakin bildu dituzte bi orenetan

Antxeta Irratia 2023ko mar. 27a, 00:00

Bidasoko txoko guzietatik hurbildutako 200 lagun inguru aritu ziren larunbatean IEZI erakundeak antolatutako itsas-bazterren garbiketa deialdian. Bildutako gehiena plastikoa izanik, berziklatu egin du Bil Ta Garbi sindikatuak.

CPIE-IEZI euskal itsasbazterrak erakundeak eta Hendaiako herriko etxeak antolatuta, Hendaiako itsas-bazterraren Udaberriko Garbiketa ekimena burutu zuten larunbatean. Iazko 140 partehartzaileen aldean, herriko hainbat surf eta talde ekologistekin batera 200 lagun inguru mobilizatu dira oraingo honetan. Eta orotara 320 kilogramo hondakin jaso dituzte Txingudiko badia eta Hendaiako hondartza bazterrak eskuz miatuta.

Laurance Elizetxe, IEZI euskal itsasbazterra erakundeko teknikariak azaldu digunez, ekimena sinbolikoa izanik ere bere eragina du. Izan ere, familiak ere bildu dira beren haurrekin, eta epe luzerako sentsibilizaziorako baliagarria den bitartean, urtero Bidasoa ibaiak eta itsasoak ekarritako hondakin mordoa berreskuratzen dute Hendaiako ur-bazterretatik. Parte-hartzaileek nabarmendu dutenez, hondakinen parterik handiena plastiko txikiak izan dira. Hala, urtero bezala, jasotako hondakinen zati bat Bil Ta Garbi sindikatuak berziklatzera eraman zuen, Txingudiko badiako itsas-zentro nautikoan auzolanean bildutako hondakiinak bereizi ondotik.