San Martzial egunerako hiru hilabete eskax direnean, berdintasunerako zirrikiturik ez da ageri

Antxeta Irratia 2023ko mar. 27a, 00:00

Irungo Alarde Publikoaren Batzordeak aurtengoa udalak antolatzeko eskaera ofiziala luzatu dio alkateari berriz ere. Baina Gipuzkoako Batzarretan ospatutako alardeei buruzko monografikoan alderdiek agertutako inmobilismoak nekez piztu dezake itxaropena.

Irungo Alarde Publikoaren Batzordeak udalak alarde publikoa berriz antola dezan eskatu dio Jose Antonio Santanori eskutitz bidez. Iaz eskaera beretsua luzatu zioten, baina orduan ez zuten udal agintari sozialistaren erantzunik jaso ere egin. Oraingo honetan, aldiz, Irungo Udalaren posizionamendua eskatu dute “emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna betebehar moral eta politikoa” dela oroitaraziz. Berdintasun Legea eskuetan, eta gizarteak eman dituen aurrerapausoen hari beretik, udalak Alardea antolatzeko urratsa eman dezala galdegin dute.

Baina arlo politikoan ez dirudi gauzak gehieg aldatu direnik. Eta ekainaren 30erako hiru hilabete eskax ditugunean, tartean udal eta foru hauteskundeak ospatuko direla ezin ahantzi daiteke.

Aldaketarik ez arlo politikoan

Hala eta guztiz ere, joan den astean EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan eskatuta, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko Batzordean Irun eta Hondarribiko alardeen gatazkari buruz eztabaidatu zuten. Ez zen koalizio abertzaleak galdegin zuen foroa, “berdintasuaren ikuspegitik landu beharreko gaia baita, eta ez bizikidetzari buruzko eztabaidatan sartu” dio Oihana Briones, EH Bilduko Irungo bozeramaleak. Baina eztabaidatzea eta gaiaz hitzegitea beti ona dela aitortuta, “inork ez daki sekulan hondar ale txikienak ere nolako eragina ukan dezakeen”. Dena dela, Irun eta Hondarribiko alardeen aferan aurrerapausoak eman badira ere, emakumeen eskubideak bermatzeko eta Berdintasun Legea betetzeko oraindik ere "borondate politikoa eskax" dela agerian geratu zen beste behin ere bere ustetan.

Ion Gambra Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren foru zuzendariak argi esan du “perspektiban” begiratuta “aldaketa asko” egon direla Hondarribian eta Irunen. “Hala ere, oraindik pauso asko falta dira emateko, egun hauek normaltasunez ospatzeko”, aitortu du. Esan duenez, Irunen bi alarde daudenetik ez dago bizikidetza arazorik. Hondarribian, ordea, “egoera eta jarrerak, alde guztietan, asko aldatu” direla dio.

Baina Gipuzkoan bezala, Irungo udal talde politikoengan ere gauzak berdin daudela aitortu du Oihana Brionesek. “Hondarribian ez bezala, Irunen gaur egun ez dago negoziaketa edo eztabaidarako prozesurik abian”. Eta kexu da, eztabaida bizikidetzan oinarritzen jarraitzen dutelako, berdintasun eta oinarrizko eskubideetan oinarritu beharrean.

Gogoan hartu beharra dago, zentzu honetan, aurtengo udal aurrekontuen eztabaidan, Irungo EH Bilduk udalak Alarde Publikoa antola dezan aurrekontu bat eskatu zuela. Hau ez zen onartua izan. Baina koalizio abertzalea kezkaturik azaldu da ere, Irungo V. Udal Berdintasun Plana ere zintzilik dagoelako alardea dela eta ez dela.