Lesakako Udalaren laguntzarekin antolatu du ekimena, Harriondoa Kultur Etxearen 10. urteurrena ospatuko dela aprobetxatuz.
Lesakako Harriondoa Kultur Etxeak hamar urte beteko ditu aurten. Urteurren hori aprobetxatuta, herriko Sorginxulo kultur bilguneak Hamar urte Hamaika dinamika ekimena martxan paratu du, Lesakako Udalaren laguntzarekin. Honen harira, urte guztian zehar, hainbat ekitaldi antolatuko dituzte herriko kultur eragileekin zerikusia izanen dutenak.
Proiektuak bi ardatz nagusi izanen dituela jakinarazi dute: “Lehena espazio eszenikoei egindako keinua izanen da, batez ere Harriondoari, aurten hamar urte beteko dituelako. Antolatutako emanaldien zati garrantzitsua bertan izanen da, baina herriko kaleetan ere ez da jarduerarik faltako”.
Bigarrena berriz, “herriko kultura arloko talde eragileei zuzendua dago, hala nola: soinulari taldea, trikitixa taldea, txistulari taldea, dantzari taldea, bertso eskola, antzerki tailerra, abesbatzak, herriko banda, erraldoien taldea, elkarte desberdinak, etab. Aspaldiko urteetan lanean ari dira, bakoitzak bere arloa sustatuz, bere bidea eginez”.
Hau guztia zenbait emanaldiren bidez gauzatuko dela ere erran dute eta herriko eragileen eta talde profesionalen eskaintzak batera gozatu ahal izanen dituztela. Horrela, zenbait hitzordu prest dituzte dagoeneko. Igande honetan bertan, martxoaren 26an, ospatuko dute lehena, “Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi” antzerkiaren emanaldia izanen baitute Harriondoan, 18:30ean (sarrerak: www.lesaka.eus).
Bertze zenbait ekitaldi ere aitzindu dituzte, nahiz eta batzuek ez duten data zehatzik oraindik: Neomak (apirilak 30), Anonyme Popular (maiatzak 7), merkatu ttikia eta azoka kulturala (maiatzak 27), Kukai dantza taldearen Hnuy Illa emanaldia (ekainak 11) akordeoi jaialdia (ekainak 25), erraldoien 75. urteurren jaialdia (irailak 9), Nafarroako orfeoia (irailean), Baztan Bidasoako Musika Banda (abenduan).