Irungo kirol instalazioen beharrak eta pabiloi erabilanitzaren proiektuak eztabaida sortu duen egunotan, Irungo LUR ALAI SQUASH klubak udalak kirol talde xumeen iritzia entzun eta beharrak atenditu ditzala aldarrikatu du Antxeta Irratian.
Goizeko Kafean izan dugu Gorka Arretxe, Lur Alai Squash klubeko arduraduna gonbidatu. Aipatu digunez, 80 bazkide ditu klubak Euskadi mailan konpetitzen. Eta 8 urtetik gorako haurrekin ikastaroak ez ezik, bereziki emakumeen parte hartzeak gorakada nabarmena bizi du azken urtetoan. Klubak 10 urte betetzen ditu aurten, eta garatzen jarraitu ahal izateko gutxieneko babesa eta instalazioak behar ditu. Artalekuko lau squash pistak dituzte aukera bakarra, entrenamendu, ikastaro zein txapelketetarako. Baina pandemiaz geroztik, udalak gimnasioak birkokatzeko erabili zituen bi pistetatik, bat oraindik ere okupatua dute. "Garai hartan indarrean zeuden neurriak kontuan hartuta, guztiz normala iruditu zitzaigun, baina 2023an sartuak egoera hau ez dago justifikatua, eta udalak ez duela libratuko erantzun digu", salatzen du Arretxek. Ez dituzte pista gehiago galdegiten, daudenak zabaldu ditzatela baizik.
Honek beste kirolari eta klubekin gatazkan sartzea eragiteaz gain, euren jardueran eragin zuzena du. Kirola egiteko espazio eskaxa suposatzen duen mehatxuagatik.
Udalaren begirune falta
Zentzu honetan, Irungo alkateak FICOBAn iragarri duen 5.000 ikusleentzako pabilioi berriaren proiektuaren aurrean, kezka adierazi du Arretxek. 2027 urterako iragarri dute oraindik ere asmoa besterik ez dena. "Bidasoaren beharrekin bat egiten dugu, baina bien bitartean zer gertatuko da Artalekurekin, eta bertan ari garen kirolari, erabiltzaile eta kluben beharrekin?", dio kezkaturik, "agintariek kirol masiboetatik haratago, Irunen dauden hamarnaka klub xumeak ere aintzat hartu beharko lituzke, denen gobernua delako, eta ez handien edo batzuen babesle soilik". Izan ere, udalak egin duen kirol instalazioen diagnostikoa osatzeko ez diete galdetu ere egin. "Gurekin ez dira harremanetan sartu, eta gutxienekoa beharko luke hiriko klubekin elkartzea, eta beharrak atenditzea, kirol instalazioen plangintza egokia egin eta Azken Portuko txapuza ez errepikatzeko adibidez", salatzen du Lur Alai Sqaush klubeko ordezkariak. Nolanahi ere, Irungo hiriak hirugarren kiroldegi baten premia duela agerikoa da bere ustetan.
Irundarrak artatzen eta kirolean murgiltzen klub txikiek egiten duten lana oroitarazi du Arretxek. "Kirol klub guztiek dute zeresana Irunen, gizartean eta kirol instalazioen plangintzan ere", aldarrikatzen du.
Alicia Txoperena txapelketa
Horren irudiko, Lur Alai Squash klubak 10 urte betetzen dituela. Eta martxoaren 30a eta apirilak 1eko asteburuan, Euskadiko Squash Txapelketa Absolutoa (emazte eta gizonezko kategorian) jasoko duela Irungo Artalekun aipatutako baldintzetan.
Era berean, apirilaren 22-23ko asteburuan, Alicia Txoperena Squash Txapelketa antolatu dute. 3.000 euroko saria eskainiko du klubak. "Squashean asko jokatzen zen garaietan, estatuko lehena izan zen Alicia Txoperena bidasotarra, eta hori ez da marka makala, emakume aintzindaria izan zen horretan", argitu du antolatzaileak. Bere figura omendu nahi dute horrela, eta berekin ospatu. Kontuan hartu beharbaita, Artalekun jokatuko dela, eta Euskadin egingo den espainiar estatu mailako aurreneko squash txapelketa izango dela. Beraz, estatu mailako jokalaririk onenak erakarriko dituzte, gurean ere gora doan emakumeen squashari bultzada eta ikusgarritasuna emateko pronto.