B pegatina 'Bertakoa' jasoko duten bizilagunek eta baimendutakoek baizik ezingo dute Hondarribiko Alde Zaharrean aparkatu. Auzoko bizilagunen ibilgailuen erdiarentzako lekua besterik ez dago, kaleko zein garajeetako plazak kontuan hartuta.
Gaur egun pentsaezina da garai batean ibilgailuz beteta zegoen Arma Plazaren irudia errepikatzea. Mugikortasun irizpideak eraldatzen doazten heinean, Hondarribiko Alde Zaharreko gaur egungo aparkaleku sistema aldatzera doa. Ekainaren 15etik aurrera bizilagunek eta baimenduek baizik ezingo dute Alde Zaharrean aparkatu. Hondarribiko Udalak 'B' (bertakoa) bina pegatina banatuko dizkio etxe bakoitzari, eta kamara bitartez sarbidea kontrolatuko dutenez, auzokoak ez diren ibilgailuek debekatuta izango dute bertan aparkatzea. Gonzalo Carrion 'Txalo', Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, "auzoan 793 ibilgailu daude, eta kaleko 108 aparkaleku eta 350 garaje plaza besterik ez, beraz, kanpoko ibilgailuek bertan aparkatzen badute ezinezkoa bilakatzen da". Hau sahiestu nahian, eta bizilagunei aparkatzea errazteko helburuarekin hartu dute erabakia.
Halere, Alde Zaharrean nornahik zirkulatu ahal izango duela ohartarazi dute. Eta establezimenduen karga-deskarga zein hoteletako bezeroek maletak hartu eta uzteko baimenduak direnek ere aukera izango dute behin-behinean aparkatzeko. Baita mugikortasun arazoak dituen pertsona bat bertara eramateko ere. Gainerakoek, aldiz, hobe dute auzora oinez hurbiltzea. "Zorionez fisikoki ongi gaudenok oinez ibiltzeko ohitura hartu behar dugu", gomendatu du Carrionek. Oroitarazi du, era berean, Alde Zahar inguruetan aparkaleku alternatibak badaudela, Zezen plazan edota Zumardian ere.
Izan ere, azken urteetan hirietako mugikortasunaren garapenaren lekuko izan garen honetan, Hondarribiak emandako urratsen ondotik, oinezkoan oinarritutako hiri mugikortasunari lehentasuna eman nahi diotela gogoratu du Kalixa Silanesek, Ingurumen eta Mugikortasun udal ordezkariak. Udalaren helburua da babestua dagoen Hirigune Historikoko kaleetan "beharrezkoa ez den trafikoa murriztea".
Informazio gehiagorako, www.hondarribia.eus edo idatzi mugikortasuna@hondarribia.eus postara.