Hondarribiko udal lorazainek 3 greba egun deitu dituzte martxoaren 21, 22 eta 23an. Elai Serbitzuak S.L. udal azpikontrata enpresak ez du joan den udaz geroztik negoziatzeko aukerarik eman, eta kontratua indarrean duenez, iragarri die ez dituela irabaziak apalduko langileen faboretan.
Ansareo enpresa taldeko ELAI SERBITZUAK S.L.-ko zortzi udal lorazainek hiru eguneko grebaldia hasi dute goiz hontan Hondarribian. Udalaren azpikontrata enpresak ez du lan hitzarmen berria negoziatu nahi. ELA sindikatuak aditzera eman duenez, uda baino lehen hasi ziren negoziatu nahian, eta urrian PRECOren bitartez ere ahaleginak egin dituzte, baina lau bilera hitzorduak hutsean amaitu dute enpresak ez duelako negoziatzeko borondaterik. "Enpresak dio udalaren azpikontrata indarrean duela, eta ez dituela bere irabaziak apalduko langileen faboretan", dio Xabier Etxanizek, ELAko ordezkariak.
Sindikatuak salatu duenez, enpresak langileei hitzarmen estatala aplikatzeko "trikimailuak" erabiliz agiri bat sinatuarazi zien". Eta gero "diru publikoa poltsikoratu" egin du lan baldintzak hobetu beharrean, konbenioak aurreikus dezakeen edozein igoera enpresak bere etekinetan absorbituz. Hondarribiko udal lorazainek bertako lan hitzarmenaren baitan lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena eskatzen dute.
Pankartak eta aldarrikapenak
Aurreneko greba egun honetan, Elai enpresak Hernanin duen egoitza itxi eta bertan elgarretaratzea egin dute langileek. Baina goizean goizetik Hondarribiko hainbat txoko eta berdegunetan pankartak azaldu dira. "Elai eta udaletxea konponbidea da esertzea", ""Zerbitzuak Elai, trikimailuak nonahi" edota "Elai eta Ansareo, a ze mamoneo" zioten pankarta horiek ez dute goiza bere lekuan egin. Eta berehala kendu egin dituzte.