Led Silhouette talde lesakarrak Leitzan aurkeztuko du bere ikuskizun berria

Antxeta Irratia 2023ko mar. 21a, 00:00

Nafarroako Antzoki Sareak antolatuta, Sendaberri proiektuaren barrenean, datorren apirilaren 10ean Led Silhouette talde lesakarrak Greepy Crawly emanaldia eskainiko du Leitzako Herri Aretoan.

Led Silhouette taldeak Donostiako dFeria Arte Eszenikoen jaialdian aurkeztu zuen bere Greepy Crawly dantza saio berria. Hemen izandako arrakasta handiaren ondotik, Leitzako Herri Aretoan eskainiko dute emanaldia datorren apirilaren 10ean, 19:00etan. Nafarroako Antzoki Sareak antolatu du hitzordua, Sendaberri proiektuaren barrenean.

Sarrerak dagoeneko salgai daude eta leitza.eus webgunean eskura daitezke. Aitzinetik erosten badira, zazpi euroko prezioa izanen dute. Egunean bertan berriz, lehiatilean, zortzi euro ordaindu beharko da.

Dantza ikuskizunaren sinopsia

«Emozioen adierazpenaren kontrola umeak ikasi beharreko lehenengo ikasgaietako bat da. Gizonak negarra erreprimitu behar du, ezin du gehiegizko maitasun adierazpenik egin jendaurrean, menderatzailea izan beharra da eta batzuetan baita mespretxagarria ere.

Laburbilduz, indartsua izan behar du, pertsona hauskor eta ahuletatik urrunduz, maiz iseken jo-puntua direnengandik bereiziz. Begiratzen ez gaituztenean eta behatuak sentitzen ez garenean, eroso sentitzen gara eta gure zaurgarritasuna azaleratzen da, konfiantzazko pertsonen aurrean garen bezalakoak agertzen gara eta gure ahalke afektibo nahiz gorputzezkoetatik askatzen gara».