Hirugarren sektorearen inguruan lesakarren iritzia jakiteko inkesta zabaldu dute

Antxeta Irratia 2023ko mar. 7a, 00:00

Merkatarien iritzia ezagutu dute dagoeneko, eta orain herritarren txanda izanen da. Martxoaren 19a bitarte izanen dute astia inkesta betetzeko, online edo paperean.

Lesakan Hirugarren Sektoreko Mahaia osatu berri dute eta honi buruzko ikerketa bat egiten ari dira, hirugarren sektoreko egoera zein den ezagutzeko. Horretarako, inkesta bat sortu dute eta merkatariek bete dute dagoeneko. Orain, herritarren txanda izanen da eta hauek martxoaren 19ra bitarte izanen dute euren iritzia emateko aukera.

Ikerketa honen helburua epe labur, ertain eta luzean etorkizuneko Lesaka bizi baten alde lan egitea da eta horretarako beharrezkoa izanen da lesakarren iritzia ezagutzea. Inkesta online edo paperean bete daiteke. Online bete nahi dutenek herriko tabloi eta establezimenduetan paratu dituzten kartelen bidez egin dezakete. Bertan, QR kode bat ageri da eta horren bidez inkestara ailegatu daiteke. Bertzela, Lesakako Udalaren webgunean ere eskuragarri dago inkestaren esteka. Paperean bete nahi duenak, Lesakako komertzio eta zerbitzuetan eskura dezake inkesta.

Galdetegia anonimoa izanen da eta behin erantzun guztiak bilduta, bilera ireki bat eginen da bertan ematen diren datuak aztertu eta eztabaidatzeko.