Estitxu Urtizberea: «Berdintasun politiketan 15 urteko atzerapena daramagu Hondarribian, feminismo oportunista egiten delako»

Antxeta Irratia 2023ko mar. 6a, 00:00

Martxoaren 8aren atarian gauden honetan, Estitxu Urtizberea, Abotsanitzen hautetsia izan dugu gonbidatu gaur Goizeko Kafean. Abotsanitz udal taldeak urteotan guztietan berdintasun politika "branding" tresna gisa baliatu izana leporatu dio Hondarribiko EAJri.

Agintaldia amaitzear, udalak orain arte hartutako konpromisoen betetze mailari buruz hausnartu nahi izan du Abotsanitzek. Eta lehendik ere salatu izan du oposizioko talde nagusiak 2015ean udalgintzan hasi zirenetik egindako aldarrikapenek ez dutela udal politiketan onarpenik izan. EAJk "berdintasun politika estetikoa eta jatorrizko esanahia hustuz" egiten duela salatzen dute.

Zentzu honetan, udal gobernuak berak EUDELek egindako deklarazio instituzionala proposatu eta udalerri guztietan hartzen dituzten konpromisoak ere betetzen ez dituela dio. "Hondarribian oso urruti gaude gutxieneko konpromiso horiek betetzeko ere", dio Urtizbereak konpromiso hutsalak egiten dituztelakoan, "filosofia ederra duten deklarazioak egiten dituzte, ambiziosoak, baina ez dituzte baliabideak jartzen".

Feminismo selektiboa

Hondarribian "feminismo oportunista" egiten dela azaldu du. "Feminismoa selektiboki bideratzen dute, eta horren adibide dugu aspaldi aldarrikatu dugun Berdintasun udal teknikari eta departamenduari ateak blindatzea administrazioan, dagoeneko gainezka dabiltzan Gizarte Zerbitzuen baitan kudeatuz", argitu du Abotsanitzeko hautetsiak.

Azken urteetan emandako urrats txikiak ere, hutsalak direla nabarmendu du Urtizbereak. 'Hondarribia Eremu Segurua' programaren bitartez, herriko 200 ostatu eta komertziorekin genero formakuntza egin baitu udalak, indarkeria matxistaren kontrako sentsibilizazioa landuz. Baina hautetsiaren arabera, hau ere titularrean geratu da, ez delako alorrean homologatutako enpresen parte-hartzerik izan. "Hondarribian lan estetikoa egiten da, totemak kaleetan, edozein komertzioetan pegatinak eta triptikoak daude, baina horren atzean ez dago benetako politikarik, neurririk ezta ebaluaziorik ere, eta hori oso larria da".

Horiek hala, berdintasun politiketan Hondarribiak inguruko udalerriekin alderatuta atzerapen nabarmena duela iritzi du hautetsi honek. "2005an onartu zen aurreneko Berdintasun Legea, eta Hondarribira 2020ean iritsi zen lehenego Berdintasun Plana, denok badakigu berariazko problematika dugula herrian gai hauetan aurrera egitea frenatzen duena, baina berandu izanik ere ez dira baliabideak jarri", dio Estitxu Urtizbereak.

Elkarrizketa osoa hemen entzun.