Memoria historikoaren biltzarrean gazteleraz egiteko agindua eman zuen Irungo Udalak «arrazoi politikoengatik»

Antxeta Irratia 2023ko mar. 6a, 00:00

Kepa Ordoki elkarte memorialistak bere hitzartzean bete egin ez zuen agindua salatu zuen Ficoban bertan. Eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak “oso larritzat” jo du, errepresio frankista lantzen zuen kongresu batean herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea erakunde publikoek horrela mugatzea edo debekatzea.

Irungo Udalak joan den astean Ficoban antolatutako ‘Memoria Demokratikoaren Estatu Biltzarra’ren hitzartzean gazteleraz egiteko agindua jaso zuela salatu du Kepa Ordoki Bidasoko Memoria Elkarteak. Laugarren eta azken egunean eskualdeko elkarte memorialistek hitza hartzeko aukera izan zuten. Eta antolakuntzatik emandako jarraibideen aurrean, memoria historikorako taldeak beraien hitzartzea horrelako foroetan egiten duten bezala mantentzeko erabakia hartu zuten, euskaraz eta gaztelaniaz, eszenatokitik bertatik gertatutakoa salatuaz. Peli Lekuona, Kepa Ordoki elkarteko kideak Antxeta Irratian azaldu duenez, “gure ohiko jardunean euskarak bere lekua du, eta euskaraz ere egiteko erabakia hartu genuen, gertaturikoa salatuz”, adierazi du.

Ficobako areto nagusian bildutako entzuleen konplizidadea jaso zutela argitu du, eta udalarekin hartu-emanetan emailez jasotako “arrazoi politikoen” argudioetan sartu gabe, “euskara erabiltzeko eskubideen kontrako erasoak muturreko larritasuna” duela nabarmendu du Lekuonak. Are gehiago ikusirik, estatu mailako biltzarra izanik ere, Irunen eta EHUrekin lankidetzan antolatutakoa izan dela, eta gazteleraz egiteko aginduaz gain, ez zela inolako momentuan itzulpengintza zerbitzurik eskaini.

Hizkuntza eta eskubide demokratikoen zapalketa

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak “oso larritzat” jo du jardunaldi horietan gertatutakoa. Izan ere, herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea erakunde publikoek horrela mugatzea edo debekatzea, herritarren oinarrizko eskubideen kontrakoa izateaz gain, jardunaldi horietan tratatu zen errepresio frankistak euskararen eta euskal hiztunen aurka egindako guztia kontuan ez hartzea da. Kepa Ordoki elkarteak berak sare sozialetan salatu du 1937an “Hablad español!” esan zuela Alfonso Velarde gobernadore militarrak. Eta tamalez, 86 urte beranduago “ez dirudi aldaketa handirik dagoenik: Euskaldunak ez gara bigarren mailako biztanleak”.

Zentzu honetan, Behatokiak azaldu duen bezala, «arrazoi politikoengatik gaztelania erabili behar dela» esatea, eskubide demokratikoen zapalketa izateaz gaindi, egun EAEko erakunde publikoek hizkuntza eskubideekiko dituzten lege-betebeharrak kontuan ez izatea da.

Kepa Ordoki elkarteak jakitera eman duenez, Arartekoari ere jakinarazi diote gertaturikoa eta honek ikertu egingo duela aditzera eman die.