Apirilaren 3tik 16ra bitarte iraungo du kontratuak eta martxoaren 17ra arte egonen da irekita izena emateko epea.
Berako Udalak Aste Santuan turismo bulegoan lanean aritzeko pertsona bat kontratatu nahi du. Lanak apirilaren 3tik 16ra bitarte iraungo du eta hautapen proben bidez aukeratuko da langilea. Izena emateko epea irekita dago jada, eta martxoaren 17ra bitarte aurkeztu ahalko dira eskabideak.
Izena emateko, zenbait baldintza bete behar direla iragarri du Berako Udalak: Espainiako edo Europar Batasuneko herrialde baten nazionalitatea edukitzea edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa; 16 urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko adina ez gainditzea; Batxilergoko edo Lanbide Heziketako 2. mailako titulua izatea, edo horien baliokide; lanpostuaren eginkizunak betetzeko beharrezko gaitasun fisiko eta psikikoak edukitzea; eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea; eta euskarazko C1 mailako titulua edo baliokidea.
Eskabideak Berako Udaletxeko Erregistroan aurkeztu beharko dira martxoaren 17ko 13:30ak baino lehen. Postaz ere aurkeztu ahalko dira eta horretarako, gutun-azal ireki batean entregatu beharko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten. Gainera, udalari ere jakinarazi beharko zaio posta elektronikoz, bera@bera.eus helbidean, aurkezteko epearen egun eta orduen barrenean.