Lekarozko Larraldea sagardotegiak bere ateak ireki ditu

Antxeta Irratia 2023ko mar. 6a, 00:00

Eztibeltza Kooperatibak kudeatuko du aurten eta maiatzaren 30a bitarte egonen da irekita.

Lekarozko Larraldea sagardotegiak aurtengo txotx denboraldia ireki zuen pasa den larunbatean, martxoaren 4ean, berrikuntzekin gainera. Izan ere, 30 urtez Jesus Angel Garciak kudeatu ondotik, aurten Eztibeltza Kooperatibak hartu du sagardotegiaren ardura. Hain zuzen ere, kooperatibako kide diren Xabi Torres, Oianko Garde eta Marijo Indabere izanen dira sagardotegiaren kuadeatzaileak.

Pasa den urtean jakinarazi zuten Larraldea sagardotegia itxiko zutela eta Jo ala Jo kultur elkarteak horren ardura hartzea erabaki zuen. Elkarteak hogei urte daramatza Arizkungo Gamioxarreko dolarearekin lanean eta Kirikoketa Eguna antolatzen. Horregatik, hau guztia uztartzeko, sagardotegiaren proiektua ere aitzinera eramanen dute aurten, urte oso batez kupelaratu dituzten 35.000 litro sagardoarekin.

Larraldea maiatzaren 30a bitarte egonen da irekita eta asteburuetan eskainiko dituzte bazkari eta afariak. Jakinarazi dutenez, abuztuan ere irekitzeko asmoa dute, baita data horietatik kanpo ere, erreserbapean bada. Gainera, heldu den urtetik aitzinera, sagardotegi garaiarekin batera irekiko dute. Larraldea sagardotegiko, Gamioxarrea dolarearen eta Eztibeltza Kooperatibaren informazio guztia www.larraldea.eus webgunean bateratu dute, edozeinek kontsulta dezan.