Amelia Tiganus gonbidatu du Emekik hitzaldia ematera, Martxoaren 8aren bueltan antolatutako astebeteko programan. Hondarribiko Udalak eskainiko dituen antzerki eta film proiekzioekin batera, hausnarketarako probestu nahi izan dute Emakumeen Nazioarteko Eguna.
Programatutako hitzordu guztien artean martxoaren 9an Itsas Etxean Amelia Tiganusek emango duen "Sexu bortizkeria, pornografia eta prostituzioaren arteko loturak" hitzaldia azpimarratzen du Emeki elkarteko Tzane Carrillok. "Hau da aste honetako gure helburu nagusia, oso garrantzitsua delako ez emakumeentzat bakarra, baizik eta gizarte osoarentzat ere, sentsibilizatzea gizarte mailan zer suposatzen duen prostituzioak eta pornografiak, eta zer kalte eragiten dien gazteei eta gizarte osoari", dio Emekiko kideak.
Hizlaria prostituzioaren abolizioaren aldeko erreferentzia bat da. Pertsonen salerosketaren biktima izan zen gaztetan. Errumaniatik ekarri zuten 17 urte zituela, eta laupabost urte eman zituen Espainiako Levante aldean. "Harrapatua ikusi zuen bere burua", dio Tzane Carrillok, "baina hartatik ateratzea lortu zuen, eta emakume iraultzailea bilakatu da, mundu hori zer den gordinki erakutsi duelako, bere militantziari esker". EHMA erakundeko militantea eta idazlea, mugimendu abolizionistaren aldekoa izanik, EMARGI elkartearen fundatzailea da.
Irungo Udalak egin berri duen ikerketaren arabera gure eskualdean prostituzioaren epizentroa dela agerian geratu dela oso gogoan dute Emeki elkartean. Horregatik, Itsas Etxeko hitzaldia emakumeak ez ezik, gizonak hurbiltzera ere gonbidatzen dituzte, "arazo larria delako, eta beti isilarazia".
Kirola eta mobilizazioak ahalduntzeko
Bestalde, urtero bezala, Emeki elkarteak emakumeen omenaldi bazkaria ospatuko du Klink elkartean. Aurtengoan, aldiz, ez da azken 25 urteotan bezala izango. "Beti herriko emakume langileren bat omendu izan dugu, baina aurten norbere burua omentzeko eta tarte goxo bat pasatzeko antolatu dugu", argitzen du Mariaje Berrotaran Emekiko kideak.
Antolatutako beste ekintzen artean, M8 Bidasoko Asanblada Feminsitak deituriko eskualdeko manifestaldiarekin bat egingo dute. 17:30etan abiatuko da Hondarribiko zutabea M8 plazatxotik. Eta Irungo Istillaga plazan bukatuko dute ibilbidea. Baina Portuko plazatxo horretan, goizean ere izango dute zer aldarrikatu herri mailan. "Gure proiektuetako bat da, 'Emakumeok Sare Morea Osatzen' izenekoa, kirolarekin, pala eta korrika eginez ahalduntzen ditugu emakumeak eta neska gazteak ikastetxeetan ere, eta haiekin elkarlanean topaketa egingo dugu plazan", dio Berrotaranek. Izan ere, Done Pedro Itsasgizonen Kofradiak eman dien sare bat jarriko dute Martxoak 8 plazatxoan, eta ikasleak 12:00etan joango dira bertan mezuak zintzilikatzera sare morea osatzeko.
Dena dela, kirolarik ez da faltako. Marlaxka Xake taldearekin batera martxoaren 6ean (18:00) adineko emakumeei zuzendutako xake txapelketa antolatu dute Kasino Zaharrean. Eta hirugarren urtez, Bixi-Bixi Pala Txapelketa jokatuko da Soroetako frontoian, martxoaren 11n 10:00etan hasita.