Udaleko IV. Berdintasun Planaren konpromiso nagusiarekin beteko du agintaldi honetan Irungo Udalak Emakumeen Etxea martxan jartzearekin batera. Maiatzerako ateak zabalik izango ditu.
Prozesu luze baten ondotik, LZB Arkitektura kooperatibak diseinatutako egoitza berriaren egokitze lanak bere azken txanpan sartuak dira. Istillaga plazan kokatutako lokalean, Emakumeen Etxeak 280 m2-ko gunea egokitzeko 466.690 euroko inbertsioa egin du Irungo Udalak. Jokin Berridi obraren arduradunak azaldu digunez, lokalaren hezurdura egina dago, eta datozen egunetan lehioak, zoladura eta arotzeriaz gain, lokala margotuko dute. "Kaleko argitasun naturala, eta akabera materialen kalitatea azpimarratu" behar dela dio Berridik, "egur naturala, haritza eta pinua" erabili baita goxotasun giroa emateko.
Izan ere, Emakumeen Etxean eragile feministek eta udalak antolatutako Ahalduntze Eskola eta jarduera desberdinak jasotzeaz gain, Irunen aurreneko aldiz eskainiko den aholkularitza juridiko eta psikologikoa ere emango dute indarkeria matxistaren biktimentzako.
Partaidetza prozesuaren emaitza
Miren Etxebestek, Berdintasunerako udal ordezkariak azaldu duenez, edukiontzia udaberrirako prest egongo bada ere, edukia eman beharko zaio guneari. "Emakumeen Etxeko elkartea sortu berri dute eragileek, eta udalarekin koordinatutako kudeaketa egiteko hitzarmena zehaztu eta izenpetu beharko da oraindik", dio zinegotziak. Hortaz, ikasturte naturalarekin hartuko du bere martxa.
Momentuz, lanak aurreikusitako epeetan doaz. Eragileekin egindako prozesu partehartzailean adostu bezala, Julia Iruretagoyena eta Lamiak izeneko aretoak edota Txinparta liburutegia ere izango da bertan. Eta aipatutako aholkularitza-zerbitzuetarako bulegoak ere. Oroitarazi beharra dago, Emakumeen Etxea diseinatzeko partaidetza-prozesua bi fasetan egin dela. Pandemiak bitan zatitu bazuen ere, behartutako geldialdiarengatik, 10 saio egin dira guztira (3 online eta 7 aurrez aurre, lau ordukoa bakoitza). Eta saio bakoitzean 26 emakumek hartu dute parte, eta 63 emakume desberdinek guztira.