Mahainguru bat, eta herriko historialariek prestatutako bisita gidatuak proposatzen ditu Udaleko Bizikidetza Batzordeak martxoan zehar, herriko hiru ikastetxeei ez ezik, herritar orori ere zuzenduak.
Irungo FICOBAN atzo amaitu berri den oroimen historikoari buruzko lau eguneko estatu biltzarraren ondotik, Hondarribiko Udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiek bat eginik, Bizikidetza Batzordeak ‘Memoria eginez’ ekitaldi sorta antolatzea erabaki dute.
2021ean “memoria astea” antolatu zuten 1936ko estatu kolpe edo altxamendu frankistaren 85. urteurrena bete zela eta, herriko erbesteratuak omendu nahian. Eta horren haritik, eta 2022an onartu den Espainiako Memoria Demokratikoaren Lege berria probestuz, hainbat ekimen antolatuko dituzte, herriko ikastetxeei eta herritar orori irekitako bisita gidatuak proposatuz.
Udal talde politiko desberdinetako ordezkariek emandako xehetasunen arabera, “Memoria lekuak: bisita gidatuak” proposatu dizkiete herriko 3 ikastetxeei. Herriko historialariek prestatutako bisita gidatuan DBH 4ko ikasleek parte hartzea bilatuko dute, eta martxoan zehar, Hondarribiako memoria lekuak bisitatuko dituzte, 1936urtean erbesteratutako hondarribiarren bizipenak eta hurrengo urteetan hirian bertan gertatutakoak ezagutzeko.
Bestalde, herritar orori irekitako bisita gidatuak ere antolatu dituzte. Martxoak 5, 12 eta 26an goizeko 11:30tatik aurrera nahi duen guztiak bertan parte har dezan. 2021ean egin zen bezala, Harresilanda kaletik abiatuko da; hau da, Erreginaren baluartea eta Biteri eskola kale-kantoitik atera eta alde zaharrean barrena, 1936an izan zen Estatu Kolpe garaiak eta ondorengo urteak Hondarribian nola eragin zuten ezagutzeko aukera izango dugu. Bisitan parte hartu nahi duenak izena ematea komeni da bai Arma plazako turismo bulegoan edo 943 64 36 77 zein info@armaplaza.eus bidez egin daiteke.
Bukatzeko, “Giza eskubideen urraketak. Entre dos dictaduras” mahai ingurua antolatu dute ere, martxoaren 10ean arratsaldeko 19:00tan, Alde Zaharreko Kultur Etxean.