Gaurko Andreak elkarteak M8aren bueltan antolatutako Emakumeen Txokoa proposatzen dute ostirala honetan (19:00etan) "Txokolatea Irunen: Emakumeen izenak Elgorriagako kanpaien atzean" izenburupean, ondare inmaterialaren arkeologia egingo dute elkarren artean solastatuz.
Gaur egun Irunen txokolatearen tradizioa atxikitzen duten bost emakume gonbidatuko dituzte, txokolatearen hiriko historian arkeologia inmateriala egiteko. Ikerketa osatzen ari den ondare inmaterialaren ikerlaria, Urkiri Salaberriak aipatu digunez, Irunen txokolatearen sektorean lan egin izan duen ororen oroitzapenak biltzen ari dira, “emakumeek Irungo txokolategintzan izan zuten, gaur egun duten eta izango duten papera argitzeko, beraiek dira protagonistak”. Beraz, Elgorriagan ez ezik, Irungo txokolatearen industrian eta artisautzan lan egin izandako emakume orori mahainguru goxo honetara hurbiltzeko deia luzatu diote antolatzaileek, martxoak 4an, 19:00etan Palmera Montero.
Mahianguru horretan, Brasil Irungo Xole Aguirre, Bomboneria Juncaleko Juncal Elgorriaga, Aitziber Falque Chocolates Irunekoa, Aguirre goxotegiko Ana eta Elena Iriarte, baita Lorena eta Miriam Gomez ere, Maitiana gozotegikoak izango dira hizlariak. Eta Urkiri Salaberriak gidatuko du, urteotan txokolateari buruz egindako ikerketak aintzat hartuta. “Maisu txokolateroak aipatzen direnean, beti gizonak etorri ohi zaizkigu burura, baina txokolateak Irunen izan zuen garrantziari buruz arkeologia inmateriala egin eta geruzak kentzen hasi orduko, ohartu gara emakumeen papera zein garrantzitsua izan zen”. Gaur egun garai oparo haien lekukoa hartua dute, eta emakumeak dira txokolategintza atxikitzen dutenak.