Irungo Artaleku kiroldegia itxita, eta Azken Portukoan eragin nabarmena izan du BPXSport azpikontratako langileek deituriko lau greba egunetako aurrenekoak. Ikastaro guztiak bertan behera eta 10.000 abonatuek ez dute igerilekurik erabilgarri.
Azken orduetan langileen mobilizazioa desaktibatzeko presioak salatu ditu ELA sindikatuak. Xabier Etxaniz ordezkariak azaldu duenez, “enpresak eskaini duen soldataren %0,5 baino gehigo eskaini duela eta zurrumurruak hedatze aritu dira zalantzak sortzeko”. Halere, 62 langileetatik (horietatik 10 ordutegi partzialak dituzte) 38k bat egin dute grebarekin. Langileek 2019az geroztik izoztuak dituzten lan baldintzak hobetzeko eskatzen dute. Eta Bidasoa XXI taldeak kudeatzen zuenetik aldarrikatzen hasi zirelarik, BXP Sport enpresak eskuratu berri duen bi urteko azpikontratak ez ditu gauzak aldatzen haien ustetan. “Gerentea pertsona berbera da, eta ongi daki aurretik langileen aldarrikapenak zeintzuk diren”, argitu du Etxanizek.
Zentzu honetan, ELA sindikatuak KPIaren igoera kontuan hartuko duen akordioa galdegin dio enpresari “erosmen ahalmenik ez galtzeko” eta bi urteotarako %7ko soldata igoera (%3,5 urtean) negoziatzen hasteko. Enpresak, aldiz, greba bertan behera uztea eskatu die negoziatzen hasteko, eta hobekuntza 2025etik aurrera pliegu berriak onartuko direnerako atzeratu nahi ditu. Irungo Udaleko Kiroletako ordezkariarekin, Borja Olazabalekin bildu dira langileak azken orduetan ere, baina kontratu merkantilaren baitan enpresarekin negoziatzera enplazatu ditu.
Bestalde, heldu den igandean Bidasoa-Irunek Bartzelona errezibitzen du Artalekun ASOBAL Ligako partidan. ELAko ordezkariak argitu duenez, “printzipioz greba indarrean Artaleku itxita dago, baina badirudi Bidasoa Hondarribiko hondartza kiroldegian entrenatzen ari dela”.