Josu Chueca: «1939an erbestea definitiboa bilakatu zenean, Frantziak errefuxiatuak indesirable izendatu eta kontzentrazio-esparruetan sartu zituen»

Antxeta Irratia 2023ko mar. 2a, 00:00

Irungo Udalak antolatutako Memoria Demokratikoaren Estatu Biltzarran, Frantziak errepublikar errefuxiatuen kudeaketari buruz uste okerrak argitu ditu EHUko irakasleak. “Heriotz zibila” jasan zuten milaka erbesteratuen historia.

1936ko estatu kolpearen ondorioz, Irun eta Hondarribia Hendaiaruntz hustu egin ziren. Hasiera bateko exiliioan ihes egin zutenetako askok izan zuten etxera itzultzeko aukera. Beste batzuk, aldiz, betirako erbestea pairatu zuten, "heriotz zibila" sufrituz. Hala definitzen du Josu Chueca adituak erbestea. EHUko Historia irakasleak sakonean ikertu du gerla zibilak eragindakoa, eta garai eta fase desberdinak eman zirela argitu du. Hasieran beso zabalik ongi etorriak izan ziren bidasotarrak Avenida Zubia zeharkatzerakoan.

Baina 1939an Errepublikaren porrotarekin batera “retirada” eman zenean, Euskal Herritik, Aragoitik eta Herri Katalanetatik ihesean joan ziren 140.000 bat lagunek muga itxita aurkitu zuten hasieran. Ondoren, erbestea “masiboa eta definitiboa” zela ikusita, haurrak eta emakumeak Frantzia osoan zehar sakabanatu, eta adin militarrean ziren gizonak Gurs, Bram, Saint Cyprian... bezalako kontzentrazio esparruetan internatu zituztela dio adituak. “Ez zuten deliturik egin eta ez zeuden preso”, dio Chuecak, “baina indesirable gisa izendatuak zituen frantses gobernuak, eta Espainia frankistara itzultzeko baizik edo beste herrialde batera erbesteratzeko baizik ez zieten libre uzten”. Ez ziren nazien akatze esparruak izan, baina kontzentrazio esparru horietan guztietan hilerri bat sortu behar izan zuten. “Gosea, hotza, janari esakaxa eta gaixotasunak, baldintza gogorretan bizi ziren eta gendarmeek zaindutako alambrada artean”, dio ikerlariak.

Horren irudiko, Biarnoko Gurseko zelaia izan zen. Bertatik 60.000 errefuxiatu iragan ziren urte haietan, eta 1.180 hilobi dituen hilerria han dago oraindik. II. Mundu Gerlaren eszenatokia hurbildu zenean, aldiz, nazien zirkuitoan sartu ziren hauek, akatze esparruetarako convoyak bideratuz. Interno horietako asko, aldiz, Frantziako gerla industriaren eskulan merke gisa baliatu zituzten, baita gudu-frontera borrokatzera bidali ere. Beste batzuk, aldiz, Txile, Mexiko, Venezuela, Argentina edota Estatu Batuetara ihes egiteko aukera izan zuten.