Astebete falta da martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako alegia. Horretarako, Nafarroako Berdintasun Teknikarien Sareak “Anitzak gara, orain askeak” kanpaina martxan jarri du eta egitarau zabala prestatu dute hainbat herrietan, tartean Baztanen ere.
Igande honetan, martxoaren 5ean, emanen zaio hasiera aurtengo egitarauari Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzerkiaren emanaldiarekin. Iruritako Gizarte Bilgunean izanen da, 18:00etan.
Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, mobilizazioa egonen da Elizondon mugimendu feministak antolatua. Aurtengo lema 'Antolakuntza feministarik gabe, eraldaketarik ez!' izanen da eta hitzordua herriko plazan eginen dute, 19:00etan.
Hurrengo egunean, martxoaren 9an, 'Lodifobia eta estetikaren esklabotza' solasaldia izanen da Arizkuneneko hitzaldi aretoan, 18:30ean, Mijo Lizarzaburuk gidatua. Eta azkenik, martxoaren 17an, Ainarak dokumentala proiektatuko dute Iruritako Gizarte Bilgunean, 19:00etan.