Nerea Ibarzabalen `Bar Gloria´ liburuaren inguruko solasaldia eginen dute bihar Erratzun

Antxeta Irratia 2023ko mar. 2a, 00:00

Baztango Gaztetxeak eta Idazleekin Solasean ekimenak, Irakurle Asanblada ekimenaren baitan, Nerea Ibarzabalen Bar Gloria nobelaren inguruko solasaldia antolatu du bihar, martxoaren 3rako,. Hitzordua Erratzuko Lixutegian izanen da, 18:30ean.

Ibarzabalen lehen nobela honen sinopsia hauxe da:

Egunaren zurrunbiloa noiz apalduko daude Ana, Rakel eta Migel, patxaran gozotan hirurei eusten dien sarea ehuntzen segitzeko. Idi buru bat dute zelatan —gorputz gaixo baten itzala ilunpean—, eta distantzia gutxira dute Paradise, desira ukatuen dantzaleku, gela erreserbatu eta moketazko hormekin; eta baita hiria ere, lagunarte berri, arrotz denaren aire urduri eta modernitatearen lokalizazioekin.

Mundu bat kabitzen da Gloria tabernako azuleju gorri eta gainazal koipetsuen artean, eta denboraren ate ezberdinetatik sartuko da irakurlea bertara kontakizun honetan. Jendea da haren zimendu, eta konplizitate uneek, isildutako bortxa-markek, lanordu konpartituek zein elkarrizketa tarteka mutuek epeldu bezala erreko dituzte habe horiek, beste batzuk eraikitzeko, akaso. Iragan hurbil baten hitzezko filmatze bat dakar Nerea Ibarzabal Salegiren estreinako nobelak.