Osasun Bidasoa Plataformak eskualde mailako kontzentrazioa deitu du martxoaren 4an (18:00etan) San Juan plazan. Irungo hirugarren anbulategia lehenbailehen eraikitzeko exijituko dute enegarren aldiz, “baliabide humano eta material” eskaxengatik “Lehen Arreta erreta” dagoela salatuz.
Irungo Erdiguneko anbulategiko Maria Jesus Bolaños medikua eta Olatz Elizazu erizaina izan ditugu Goizeko Kafean gonbidatu. Osasun langileak dira, eta Osasun Bidasoa Plataformarekin batera, ostegunero euren osasun zentroaren aurrean elgarretaratzen ari dira asteotan “kalitatezko zerbitzua emateko baldintzak” aldarrikatuz. Baina larunbata honetan (martxoak 4) bidasotar ororen bultzada beharrezkoa ikusten dute. Eskualdeko osasungintza zerbitzu publikoak urteotan bizi duen gainbehera geldiarazteko.
Politikarien hitz hutsalak
Plataformaren hastapenetako Bidasoko Ospitalearen handitu eta berritzeko aldarrikapenez haratago, lehen arreta zerbitzuek Irunen bizi duten premia gorria salatzen. Oinaurren hirugarren anbulategia eskatzen dute, “proiektu azkarrena” izango bailitzake, eta udalak lursaila horretarako erreserbatua duelako 2015az geroztik. Baina azken asteotan alderdi politikoek egiten ari diren gaiaren erabilera elektorala salatu dute. Via Irunen zein Oinaurren ere, balizko anbulategi berriaren eraikinaren infografiak ere plazaratu dituztelako hutsean. “Hauteskundeak hurbil ditugu eta kea saltzen ari dira, herritarron osasun zerbitzu duinen beharra txanpon bezala erabiltzen dute”, salatzen du Maria Jesus Bolaños medikuak, “benetan ez baitago proiekturik ere, eta gogoratu beharko genuke aspaldiko aldarrikapena dugula, eta lehen ere agintari berberak zeudela”.
Dena dela, proiektua egina eta finantziazioa onartua egongo balitz ere, anbulategia eraikitzeko 3 urte beharko liratekeela ohartarazten dute, baina “berandu goaz eta instalazio handiagoak ya behar ditugu zerbitzua eman nahi badugu”, dio Olatz Elizazu erizainak.
Itxaron zerrenda amaigabeak
Bien bitartean, Lehen Arreta “erreta” dagoela salatzen dute. Gaur egun, 50. hamarkadan eraikitako Erdiguneko anbulategian 38.300 herritar atenditzen dituzte 21 mediku eta 22 erizainen artean, baina “barrakoietan eta espaziorik gabe” ari dira lanean. Gainezka ari direla azaldu digute, eta paziente bat espezialista batetara behar denboran bideratzea “”fikzioa” bilakatzen hasi dela. Bolañosek dioenez, “Osakidetzan gaixo bat anbulatorioan sartzen denetik irtenbide bat ematen zaion arte, ospitale, espezialista edo ebakuntza batentzako gehienez 6 hilabete pasa behar dute legez, baina gaur egun traumatologian adibidez, bi urte ere pasa ditzake itxaroten meñiskoa apurtu duen bidasotar batek”. Epe horretan, paziente horrek analgesikoak etengabe hartu eta anbulategira hainbat bisita egiten dituela gaineratzen du mediku honek, Lehen Arreta zerbitzua are gehiago kolapsatuz.
Hainbat dira itxaron zerrenda “onartezinak eta lotsagarriak” dituzten espezialitateak, baina diagnotiko bat egiteko ekografia froga egiteko ere zailtasun handiak topatzen ditute. “Ekografia gaur (otsaila-martxoan) eskatu, eta azarorako ematen dituzte zitak”, kexu da Bolaños.
Gauzak honela, martxoaren 4an 18:00etan herritar oro mobilizatzera deitzen dute. Osasun zerbitzu publikoa arriskuan dagoelako. “Arriskuan edo gaixorik”, dio Elizazuk. Eta Bolaños doktoreak ohartarazi duenez, “osasuna negozio bilakatu den heinean, multinazionalak eskua sartzen saiatzen ari dira, seguru mediku pribatuek gora doaz, eta osasun zerbitzu publiko ona genuen lehen baina okerrera egin duela agerikoa da. Arriskua dago pobreen zerbitzu bilakatzeko, besterik ez dutenentzako osasungintza”.