Hondarribiko Psilocybe elkarteak 30 urte betetzen ditu aurten. Eta hasieran proiektu xumea zena, herriko musikagile eta zaleen lanari esker, erreferentziazko kulturgune bilakatu da.
90. hamarkadan herriko musika taldeek entsegu lokalak eskax zituztela ikusirik udaletxera jo zuten alternatiba bat eske. Egoitz Alcarazek, Psilocybe elkarteko lehendakariak aitortzen duenez, “hasieran udala pixkat mesfidati agertu zen, baina fundamentoa zegoela ohartu eta egungo egoitzaren erdia erabiltzeko aukera eman zuen”. Gerora jaietako txosnan ateratako diruarekin entsegu lokalak egokitu ahal izan zituzten. Horrela hasi ziren garai hartatik aurrera eszena musikalean oihartzun handia izan zuten Sorotan Bele, Dut, Beti Mugan, Dilusions, Orgasmic edo Lif bezalako taldeak. Gaur egun, aldiz, musikarien hariak ez du etenik, eta 15 talde aritzen dira bertan. “Pixkanaka ibilbidea egin dugu, eta esan daiteke nerabezaroa atzean utzita proiektua heldutu egin dela”, dio Alcarazek.
Orotara 80tik gora lagunek osatzen dute elkartea. Eta Alcarazek dioenez, konponketak eta proiektuak auzolanean eta bolondreski egiten dituzte. Halere, “musika eta kalitatea maite” dutenez, urteen poderioz soinu kalitate handia lortu dute kontzertu aretoan ere. “200 lagunentzako aretoa da, baina gure txikitasunetik askotan harritu egiten gaitu atzerriko musika taldeek Bartzelona, Madril eta Hondarribia hautatzen dutela euren Europan edo estatutik kontzertu biran emateko, eta hori harro egoteko modukoa da”, azaltzen du.
Horren seinale dugu, 30 urteotan pasa izan diren musika taldeen artean, gerora mundu mailako taldeak izan direla: Helmet, Mayer Hawthorne, JD McPherson, The Supersuckers... bezalakoak.. “Esaten duzu, ez nuke nik sekulan imajinatuko hasi ginenean horrelako aukerarik izango genuenik”.
Erronkak aurrera begira
Nolanahi ere, orain artean egindako ibilbideaz harro izanagatik ere, aurrera begirako erronkak dituzte begiz jota. Eta herriko gazteak erakartzea dute horietariko bat. “Psilocyben denetarik mugitzen da, baina jende gazteena kontzertuetara etor dadila, eta musika taldeentzako entsegu lokalak ere hemen dituztela oroitarazi nahi dugu”, dio elkarteko ordezkariak. Era berean, emakumezkoen musika taldeei deia luzatzen diete, azken urteotan ugaritzen hasiak badira ere.
Egungo gizartearekin bat datorren elkartea izanik ere, Sexu Erasoen Kontrako Protokoloa lantzen ari dira. “Gaueko giroa izan ohi da kontzertuetan, eta gai garrantzitsua da, eta elkartekideok formakuntza jasotzen ari gara eremu segurua dela segurtatzeko”, argitzen du Alcarazek.
Bestalde, eta 30. urtemugako ospakizunei lotuta, elkarteko taldeen kantuekin urtemugaren disko baten grabaketa, edota udan ospatu nahi duten jaialdia. Egoitz Alcarazek ez du gehiegi aurreratu nahi izan. “Izan ere, jaialdi handi bat baino, urtean zeharreko programazioa indartzen saiatzen ari gara, eta horrek eragina izango du hilabeteotan ere”. Programatu duten hurrengo kontzertua adibidez, Willis Drumond eta Tzar izango ditu kartelean, martxoaren 18an (22:00). Sarrerak 7 eurotan eskura daitezke www.psilocybenea.com atarian. Udaberrian Ama Say, Arima, Moundrag edota Bones of Minerva taldeak ere pasako dira Amutaldeko aretotik, besteren artean.