Baztango eta Baigorriko udalek gazteei zuzendutako topaketak antolatu dituzte

Antxeta Irratia 2023ko ots. 28a, 00:00

Amaiurko aterpetxean ospatuko da topaketa, apirilaren 14tik 16ra, eta bertan euskararen, kulturaren, memoria historikoaren eta berdintasunaren inguruan hausnartuko dute, bertzeak bertze. 

Baztango eta Baigorriko udalek bi herrietako gazteei zuzendutako topaketa antolatu dute, datorren apirilaren 14tik 16ra, Amaiurko aterpetxean. Atzoko, gaurko eta biharko sareak izenburupean, 12 eta 15 urte artean dituzten gazteentzat izanen da topaketa eta doainik. Izena eman nahi duten bi herrietako gaztetxoek 689 03 50 78 telefonora deitu beharko dute, edo gizartezerbitzua@baztan.eus helbidera idatzi.

Topaketaren helburua bi herrietako gazteen arteko harremanak sustatzea eta bultzatzea izanen da, baita euskararen, kulturaren, memoria historikoaren edota berdintasunaren inguruan hausnarketa egitea ere.

Bi herrietako udaletxeko ordezkariek azaldu zutenez, garai batean harremanak naturalki sortzen ziren, gerren edo kontrabadoaren harira, baina orain harreman horiek sortzea zailago dela nabaritu dute. Horiek berriz ere sustatzeko, gazteak elkartuko dituzte etorkizunean ere anaitasuna mantentzeko.

Amaiurren eginen den topaketan, mendi ibilaldia, dokumental baten emanaldia, ginkana eta denbora-pasako jokoak eginen dituzte, bertzeak bertze. Gainera, antolatzaileek aipatu dutenez, ongi ateratzen bada, udazken aldera bertze topaketa bat antolatzeko asmoa dute, orduan Baigorrin ospatuko dena.