Agerra eta Kanttonberriko bizilagunek hitzordua izanen dute martxoan Berako Udalarekin, baita Nasuvinsarekin ere, auzo mailako birgaitze energetikorako laguntzen berri jasotzeko.
Berako Udala eta Nasuvinsa Berako Agerra eta Kanttonberriko auzokideekin elkartuko dira datorren martxoaren 2an eta 9an. Bilerak herriko Kultur Etxean ospatuko dira, 18:30ean, eta bertan birgaitze energetikorako laguntzen berri emanen diete bizilagunei.
Bi auzo horietako etxebizitza eremu batzuk arau termikoak ezarri aitzinetik eraikiak izan ziren eta, eman dituzten datuen arabera, energia fosilaren kontsumoaren ia %20aren eta Nafarroan kontsumitutako energiaren %25aren erantzuleak dira. Horren harira, etxebizitza hauek, eraikiak izan ziren momentuagatik, birgaitze sakoneko lanak beharrezkoak izan ditzakete, baita irisgarritasun-arazoak, egokitzapen funtzionalik eza eta bizigarritasun-arazoak ere.
Bizilagunekin eginen dituzten bilera hauetan, Nasuvinsak beharrezkoak diren lan horietako eskaintzen dituen laguntzen berri emanen du eta aholkularitza zerbitzua ere eskainiko diete auzotarrei, horrela nahi izan ezkero.
Hegoalde karrikako bizilagunek proiektuan parte hartu dute dagoeneko eta orain Agerra eta Kanttonberri auzoen txanda izanen da. Zehazki Agerrako Bidasoa 45 eta 47, Urruña Plaza 1etik 3ra, Azkaine karrika 1etik 12ra, Ziburu karrika 1 eta 2, eta Sara karrika 2 eta 4 kaleetako bizilagunak gonbidatu dituzte, 1971 eta 1975 artean eraikitakoak. Kanttonberrin kasuan, 96 etxebizitza deitu dituzte, 12 ataritan banatuta, 8 etxebizitzakoak eta 1967tik 1972ra bitartean eraikiak.