Artaleku eta Azken Portuko langileak grebara doaz martxoaren 2tik 5era

Antxeta Irratia 2023ko ots. 24a, 00:00

Irungo Artaleku eta Azken Portu kiroldegietako BPXSport azpikontratako langileek greba deialdia erregistratu dute martxoaren 2tik 5era. Berriki kiroldegiek gainditu duten 10.000 abonatuengan ez ezik, bertan jokatuko diren Bidasoa-Iruneko partida ofizialetan ere eragina ukan dezake.

Hasteko, otsailaren 28an 20:00etan elgarretaratzea egingo dute Bidasoa-Irunek EHF Europa Ligako partida duela aprobetxatuta. Data arraroak dirudite, baina presio emateko logikan ari direla aitortu digu Xabier Etxanizek, ELA sindikatuko ordezkariak. “martxoaren 5ean Bartzelonak jokatu behar du Artalekun, eta kiroldegia printzipioz itxita egongo da grebarengatik, hori bada aski notizia”, adierazi du Antxeta Irratian.

Oroitarazi beharra dago, orain artean Bidasoa XXI enpresak kudeatzen zituela Irungo kiroldegiak. Baina defizitarioa izanik, hau utzi eta zerbitzuaren emakida lehiaketara atera zuela Irungo Udalak. BPXSport enpresak hartu berri du bi urteko kontratuarekin. Langileen aldarrikapenak ez dira oraingoak, baina enpresak otsailaren 22ko azken bileran argitu die, ez dela aurretik datozen arazoetaz arduratuko. “Betiko zirkuloan sartzen gara, udalak azpikontrata enpresarekin nezgoziatzeko dio, eta enpresak kontratuarekin gotortu egin da, ez duelako gastua aurreikusita eta ez duelako langileen baldintza ekonomikoak hobetzeko aurreko aldarrikapenetaz erantzule egingo”, azaldu du Etxanizek.

Otsailaren 27an bilduko dira enpresarekin berriz ere. Baina negoziaketarik emango ez dela ikusirik, esan bezala, martxoak 2, 3, 4 eta 5ean Azken Portu eta Artaleku kiroldegietan greba egingo dute. “Langileak enpresa batetik bestera, nahi eta bilatu ez duten egoera batera eraman dituzte, baina zilegia denez aurrera jarraituko dugu”.

Udaletxeko garbitzaileen hitzarmen berria

Bestalde, ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Irungo udaletxeko garbitzaileek lan hitzaremna berritzea lortu dute. SAMYL enpresako azpikontrataren jarrera salatu du, azken urte eta erdiko negoziazioetan. Eta azken hiru hilabetetan ez duelako erantzunik eman nah izan.

Egindako presioari esker, 3 urtetan %18,5eko soldata igoera lortu dute, betiere, eros ahalmenik ez dutelako galduko segurtatuta. Enpresak 5 urtetan %10ekoa eskaintza baizik ez zien egiten orain arte. 

Erlazionatuak