Euskal Herrian 'Zero Zabor Ziurtagiria' eskuratzen duen lehen herria da Hernani. 2010ean martxan jarritako atez-atekoaren estrategiak %80ko berziklatze-tasa eta EAEeko batez bestekoa baino %75 errefuxa gutxiagoko emaitzak ekarri ditu, Bidasoaldean berziklatzearen datuak moteldu diren bitartean.
Irun-Hondarribian berziklatze-tasa %54a inguruan dago, eta Txingudiko Zerbitzuak-ek berriki aitortu duenez, "azken urteetan hobekuntza moteldu" egin den bitartean, Europak markatzen dituen helburuetara heltzeko BidaSOS2030 kanpaina martxan jarri dute. Izan ere, 2025erako berziklatze-tasa %60an beharko du, eta %70era iritsi beharko da gutxienez, 2030 urtean. Aldiz, Euskal Herrian badira hamarkada bete aurreratuak doazten herriak, hondakinen kudeaketa-eredu desberdinak plantan emanak dituztenak.
Atez-atekoa eraginkorra
Hernani da horietako bat. Gipuzkoan eztabaida politiko zurruna sorrarazi zuen atez-ateko zaborren bilketa sistema indarrean dute duela 10 urte. Eta Xabier Lertxundi alkateak nabarmendu duenez, "eztabaidak alde batera utzita, datuak hor dira, Hernanin %80a berziklatzen da". Halere, berziklatu baino zero zabor irizpideari ematen dio garrantzi handiagoa. "Sortzen ditugun hondakinak ahalik eta gehien berziklatu behar ditugula esangabe doa, baina arazoaren gakoa hondakin gutxiago sortzean dago", ohartarazten du Lertxundik.
Zentzu honetan, EAEko batezbestekoa baino %75 errefuxa kopuru gutxiago sortzen dute hernaniarrek". Izan ere, 2020ean bildutako datuen arabera, biztanleko gainerako frakzioaren sorkuntza baxua da Hernanin (62,99kg/biztanle/urteko), Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, orohar, 251,81 kg/biztanle/urteko denean. Gehiago berziklatzen delako, baina baita gehiago berrerabili eta hondakin gutxiago sortzen delako ere. Alkateak dioenez, Hernanin errefuxa hori ere aztertzen dute zein hondakin mota ez den berziklatzen jakiteko, eta "oraindik ere asko hobetu daiteke". Ezinbestekotzat jotzen du hau, "are gehiago jakinda errefuxa hori Gipuzkoan labe batean errez kudeatzen dela gero, zenbait hondakinen kasuan suposatzen duen guztiarekin".
Bestalde, herrian ekonomia zirkularra sustatzeko ekimenak ere martxan dituzte, ziurtagiriaren helburuetan emana den bezala. Hernaniko bi ikastetxetako jangeletan soberan diren jakiak bildu eta vending makinen bitartez birbanatzeko aukera ematen dute gaur egun. Eta horri esker, urtean tona bat elikagai aprobetxatu direla azpimarratu du alkateak.
Errekonozimendua eta konpromisoak
Hala, orain artean egindako lanaren errekonozimendua jaso du Hernaniko Udalak Europatik. 2022ko abenduaren 22an 'Zero Zabor Ziurtagiria'rekin bat egiteko konpromiso ofiziala hartu zuen udalak, eta orain ziurtagiria eskuratzen lehendabiziko udalerria da Euskal Herrian. "Martxan ditugun ekintzak eraginkorrak direla eta errekonozimendu bat suposatzen du honek, baina bereziki aurrera begirako konpromisoa ere", aitortzen du Xabier Lertxundi alkateak.
Izan ere, gehienez 5 izar lor daitezkeen eskalan, 3 izarreko akreditazioa jaso du bere herriak. Eta hobetzen jarraitu nahi dute. 3 urtean behin auditoretza berri bat egin die Europako erakundeak, hobekuntzak egiaztatzeko. Eta Hernani orain beste herri batzuekin elkarlanean arituko da urrats horiek emateko. Ziurtagiria lortu duten herriak dira El Boalo, Cerceda, Mataelpino, Torrelles de Llobregat, Bled, Gorje, Vrhnika, Log-dragome edota Capannori.