Alardean nahi duen orok eta nahi duen musika-tresna jotzeko ikastaroak antolatu ditu San Miguel konpainiak

Antxeta Irratia 2023ko ots. 23a, 00:00

Joan den abuztuan auzoko konpainia parekidea sortzeko ekimena behin ofizialdu egin dutela, heldu den ekainaren 30ean desfilatzeko txilitibo, erredoble, edo partxea jotzen irakatsiko dute larunbatean.

Alarde Publikoko San Migel Konpainiak jakinarazi du larunbat honetan, hilak 25, desfilatzeko pausuen erritmoa eramateko eta musika-tresnak jotzeko tailerrekin hasiko direla. Ikastaro horiek auzoko Leka Enea ikastetxean emango dituzte, 11:00etatik 13:00era, eta interesa duen orori ateak zabalduko dizkiote. Tailer hauek alardeko entseguak hasi arte antolatuko dituztela aurreratu digu Cristina Dominguez Dieguez konpainiako kideak. San Martzialeko martxa eta errepertorio nagusiak landuko dituzte.

Gogoratu beharra dago, joan den abuztuan auzokide batzuk jakitera eman zutela Alarde Publikoko 13garren konpainia sortu nahi zutela. Haien asmoa "inor atzean utzi gabe, denok elkarrekin batera alardean desfilatzea" izanik, aste gutxiren buruan batu zitzaizkien alarde parekidean zein alarde baztertzaileko San Miguel konpainian parte hartu izan duten lagunak, baita alardean sekulan desfilatu ez duen jendea ere. Eta Alarde Publikoko Juntak behin onartu egin duela, 2023an Irungo alarde parekideko 13garren eta azken konpainia gisa desfilatu ahalko dutela.

Aipatutako ikastaroen hurrengo datak sare sozialen bitartez baieztatuko dituzte, eta San Miguel konpainia berriarekin bat egin nahi duen orok, sanmiguelkonpainia@gmail.com posta elektronikoaren bitartez jar daiteke haiekin harremanetan, baita Facebook eta Instagram sare sozialetan ere.