Antortxa olinpikoarekin hasiko dute eguna Santiago kalean goizeko 11:00etan. 400 gazte baino gehiago bilduko dira talde argazki eta aurkezpenean. Arratsaldeko 15:30etan kalejiran joango dira hondartzako joko-gunera, eta 'Que toque el de alau' txarangarekin borobilduko dute eguna kirol kaian.
Hondarribiko Mugiri kultur elkartearen ekimenez, eta udazkenaz geroztik prozesu partehartzaile luze baten ondotik, Hondarribiko Herri Olinpiadak bueltan dira. Larunbata honetan ospatuko da hirugarren aroko Lemixiko Eguna. 90. hamarkadako klasiko haien ondotik, 2014tik 2017ra garai berriko olinpiadak antolatzea lortu izan zen bezala, ez dago bigarrenik, hirugarrenik gabe. Hala, helburuetan ez da deus aldatu Urko Iridoy komite olinpikoko kidearen arabera. Baina belaunaldi berriak "herri giroa biziarazteko gose" direla aipatu digu, eta azken asteetan jendeak gogo handia erakutsi duela. "Ez da kapritxo bat izan, herrian halako zerbait beharrezkoa zela baieztatu dugu, eta gazte lokalak alde batera utzita, koadrilen arteko harremanak bultzatu eta olinpiaden giroaz gozatzeko aukera izango dugu belaunaldi hontako gazteok", nabarmendu du Iridoyk.
Hala, Flaxiya, Ashkorax, Nikenikeningo edota aro berriko Mixikuak, Pexperlantak edota Hirekin enak ariki bezalako talde/koadrilen lekukoa hartuko dutenik ez da faltako Hondarribian, herriko gazteriak bizirik jarraitzen duen bitartean. Eta Hondarribiko Udalaren babesa jaso dute gainera, aurten ohiko 6.000 eurotatik 13.600 eurotara emendatu baitu dirulaguntza Mugiri elkartearentzat, olinpiaden antolaketa dela eta.
Larunbatean (otsailak 25) hasi eta ekainaren 3an ospatuko duten bukaera jaialdira bitartean, hilero froga egun bat izango da. Baina 'Lemixiko Egunean' antortxa olinpikoa ere aterako dute Santiago kaletik Maddalen plazara, eta 26 taldeen eta 400ndik gora partehartzaileen aurkezpena egingo dute, norbere kamisetarekin talde argazkiarekin, frogak hasi aurretik. Xehetasun guztiak eman dizkigu komite olinpikoko ordezkariak.