Aitzol Arroyo: Orain ikertzen hasi da frankismoaren emakumeenganako errepresio isila, fusilatuak eta kartzelaratuak batzuk, etxera kondenatuak besteak

Antxeta Irratia 2023ko ots. 23a, 00:00

Irungo Udaleko Memoria Historikoko arloak 'Memoria Demokratikoaren Estatuko Biltzarra' antolatu du Ficoban otsailaren 27tik martxoaren 2ra. 36ko estatu kolpea eta gerraosteko errepresioaren erpin guztiak aztertzeko hamaika aditu gonbidatu dituzte.  

Egia, justizia eta erreparazioa ardatz hartuta, Espainiako Memoria Demokratikoaren Lege berriak eszenatoki berri bat eta aukera berriak plantan eman ditu. Horren irudiko izango da otsailaren 27tik martxoaren 2ra Irungo Ficoban ospatuko den 'Memoria Demokratikoaren Estatuko Biltzarra'. Irungo Udalak EHUko Historia Garaikideko Sailaren laguntzarekin antolatuta, lau eguneko kongresu honetan bilduko diren adituek mahaigaineratuko dituzten aztergaien berri eman digu Aitzol Arroyo Tumas, Irungo Udaleko Memoria Historikoko teknikariak Goizeko Kafean.

Iragarri digunez, irekiera Memoria Demokratikoaren Estatuko Idazkaria, Fernando Martinez Lopezek egingo du lege berriari buruz mintzatzeko. Eta aurreneko egunean 36ko estatu kolpearen eszenatokia kokatu eta gerla zibilaren hainbat mito apurtu ondotik, kongresuko beste hiru egunetan frankismoaren errepresioaren aurpegi desberdinak lantzen saiatuko dira adituen eskutik.

Errepresioaren erpinak

"Kontzentrazio esparruak, gerraondokoa, erbesteak, nazien kontzentrazio esparruetara erbesteratutakoak edo homosexualitatearen gaineko jazarpena frankismo garaian" ere izango dira aztergaietako batzuk. "Depurazioa edo funtzionarien errepresio sistematikoa ere bada gaietako bat, ondorengo belaunaldietan izan duen eraginagatik, eta erreparazio posibleak zailak izanik, egia azalerazi behar delako", dio historialari eta udal memoria teknikariak.

Bestalde, Etxahun Galparsoro, EHUko historialariak sakonki aztertu dituen lan bortxatuak edo behartuak ere izango dituzte hizpide. Gure eskualdean horren irudiko ditugun hainbat azpiegitura ditugula oroitarazi du Arroyo Tumasek. "Egunero milaka lagun pasatzen dira ohartu gabe, Olaberria-Dunboako kanala Irunen edo Jaizkibelgo Lezoko errepidea direla lan behartuekin eraikitako batzuk", argitu du.

Emakumeen errepresio isila

Azkenik, berritasun nagusia beharbada, espainiar Estatu mailan zein Euskal Herrian ere ikerlari andana ari baita genero ikuspegia lantzen, emakume errepresaliatuen gaia izango da. Nahiz eta Arroyo Tumasek aitortzen duenez, "maila akademikoan orain hasi da ikuspegi hau sendotzen genero ikerketa egiteko dokumentazio iturri falta dagoelako". Halere, Lourdes Errasti, Aranzadi Zientzi Elkarteko Historia doktorea edota Mari Jose Villa, EHUko dokoretza-osteko ikerlaria bezalako adituak gonbidatu dituzte hortaz jarduteko. "Emakumeek pairatutako errepresio isila, izan kartzelaratuak Saturraran edo Amorebietan, izan fusilatuak, edota zuzenean emakumearen bizitza sozialean zein aldaketa eman zen II. Errepublikatik frankismora ere argitu behar da, etxeko ekonomiaren baitan bizitzera kondenatu zituztelako", dio historialari hondarribitarrak.

Biltzarraren azken egunean, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan eta Irungo Nicolas Gerendiain Errepublikar elkarte memorialistek parte hartuko dute. Udalarentzat bertan orimen historikoa argitzen egiten duten lan eskerga nabarmendu beharra zegoela iritzi baitute.