Iaz 181 emakumek parte-hartu zuten ikastaro hauetan, eta 2023an aurrekontua bikoiztu egin dute. Adin eta behar desberdinetako emakumeei zuzendutako 4 ikastaro proposatuko dituzte martxotik ekaina bitartean.
Irungo Udalak 'Ahalduntze Eskolan' izena emateko epea zabaldu berri du. Iaz 181 partehartzaile bildu zituen, zenbait ikastaro bitan antolatzera behartuz. Eta aurtengoan marka errepikatu ala hobetzea espero dute. Izan ere, 2023 honetarako Ahalduntze Eskola indartzeko helburuarekin, aurrekontua bikoiztu egin dutela aipatu digu Miren Etxebestek, Berdintasunerako udal ordezkariak. "Emakumeen Etxean programa izarretako bat izango da, eta aurten ateak zabalduko dituela aurreikusita, hau indartu nahi izan dugu", azaldu du Etxebestek.
'Emakumeen Etxe' horretan Ahalduntze Eskolako arduraduna Aitziber Iratzoki teknikaria izango da. Baina momentuz, Palmera-Montero gunean eskainiko dituzte saioak, bakoitzak bere egutegian, baina beti 17:30etik 19:30era. Adin eta interes desberdinetako emakumeei zuzenduak daude. Eta aurrenekoa martxoaren 15ean hasiko den AUTODEFENTSA FEMINISTA izango da. Aitziber Iratzokik argitu duenez, alde praktikoa eta teorikoa ere izango du. "16 urtetatik aurrerakoentzat da ikastaroa, eta ez da agresio fisikoei aurregiteko, baizik eta arlo psikologikoa ere lantzen da, indarkeriaren aurpegi desberdinak identifikatzen laguntzeko", argitu du Iratzokik.
Gainerako hiru ikastaroak apirilan hasiko dira. 'NIRE BOTERE LEKUA' emakumeak heldutzean jasaten dituen aurreiritziak apurtzeko mindfulness saioa. Apirilaren 8tik ekainaren 16ra. 'EMAKUME BURUJABETUAK' barne-segurtasuna lantzeko Amaia Urieta adituarekin. Apirilaren 19tik ekainaren 14ra. Eta azkenik, apirilaren 21etik maiatzaren 12ra 'ZURE OSASUNA ELIKATU EZAZU', elikadura osasungarri baten bitartez ahalduntzeko eta jaten dugunak gure nerbio-sisteman duen eraginaz jabetzeko aukera eman nahi duen ikastaroa.
Xehetasun guztiak www.irun.eus atarian dituzue, baita dohainik izena emateko lotura ere.