Hendaiako Baleak elkarteak antolatzen dituen 'BALEAKEKO SOLASALDIAK' bueltan dira. Eta otsaileko azken ostegun honetan, Josetxo Mendia nekazaria eta historiazalea gonbidatu dute, "Iruña-Veleiako aztarnategiaren eta auzi baten historia" kontatzeko.
Iruña-Veleia Martxan plataformako kidea da bera, eta Araban aztarnategi honen inguruan 2008az geroztik emandako ustezko iruzurra argitu dezaten borrokatzen jarraitzen du gaur egun oraindik ere. Urte hartan, Eliseo Gilek euskaraz idatziriko 25 bat grafia aurkitu zituen, baina gerora PP alderdiak bultzatuta, agintariek aurretik, eta epaileek ondoren, faltsutzat eman zuten aurkikuntza. "Guk konkrezio kaltzikoen eta Carbono 14ko frogak egitea aldarrikatzen dugu, ez baitira aski froga zientifiko egin, aztarna haiek egiaztatzeko", dio Mendiak. Zentzu honetan, Irulegiko Eskuak hilabeteotan sortu duen eztabaidaren haritik, Iruñea-Veleiako harekin ere, "Espainiako zenbait sektore politiko, akademiko eta kulturaletatik euskararen aitzinatasuna ezbaian jartzeko beharra" salatzen du hiztoriazaleak.
Dena dela, auzi honek ezin estali dezake bere ustetan, Gasteiztik 20 bat kilometrora dagoen Iruña-Veleiako aztarnategiak duen garrantzia. "Brontzearen garaitik populatua izan zen, karistioen lehen hiria izan zen eta seguraski erromatar aztarnategirik garrantzitsuena Euskal Herrian", argitzen du. Bere plataformak igandero bisita gidatuak antolatzen ditu bertara.
Otsailak 23an 18:30an Hendaiako Baleak elkartean azalduko du urteotan auzi honetan emandako gorabeherak, eta oraindik ere argitzeko dagoena.