Gaurtik hasita, asteartera arte, besta giroa izanen dute Bortzirietako herri honetan. Arrautze arrautze eguna, zakozar eta mairuak, Fraindarrak eta Goitarrak eta mota desberdinetako mozorroak ibiliko dira egun hauetan herrian barrena iñauteriez gozatzen.
Gaur eman diote hasiera 2023ko iñauteriei Lesakan. Goizean zehar, haurrek arrautze arrautze eguna ospatu dute eta horrekin besta giroa piztu da herrian. Igandean berriz, egun haundienetako bat izanen da Bortzirietako herri honetan. Ohiturari jarraituz, zakozar eta mairuak ibiliko baitira kalejiran. Astelehenean eta asteartean azken egunak ospatuko dituzte eta orduan, mozorroek, Fraindarrek eta Goitarrek hartuko dute besten lekukoa.
Miren Etxepeteleku lesakarrak hitz egin digu bere herriko iñauteriez eta bertan ospatzen diren ohiturez. Iñauterizalea da Etxepeteleku, etxean hori bizi izan baitu ttikitatik, eta ezingo luke egun bakar bat aukeratu, denak baitute “bere xarma”. Aurten ere, ospakizun desberdinetan parte hartuko du lesakarrak: zakozarrez jantziko da igandean eta Fraindarrekin ibiliko da eskean astelehenean. Dena prest du dagoeneko eta irrikaz espero ditu aurtengo iñauteriak ere.