Herritarren bizi baldintzak hobetzeari buruz zenbait proposamen egin ditu EH BAIk Paueko azken kontseiluan, “trantsizio ekologikoari eta eraldaketa sozialari lotuak”. Gasen isuriak apaltzeko plana, bizitokien berritzeak hiri-barneetan, Elikagaien Seguritate Soziala, bai eta industriguneetan energia berriztagarriak ekoizteko aukera ere, aztertzea proposatu du talde abertzaleak.
Jakinik garraioek eta eraikinek dituztela gas emisio gehien isuritzen eta energia kontsumitzen, EH BAIko Iker Elizalde kontseilari departamentalak trantsizio energetikoa eta bizi baldintzak duintzeko elkar lotuak diren hainbat proposamen egin ditu joan den ostiralean, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilu Nagusiko saioan. “Guretzat biziki inportantea da bizi baldintzen hobetzeari buruz hitzegitea, eta hiru indikadore oinarri hartu ditugu”, azaltzen du kontseilari hendaiarrak. Garraioa, etxebizitza zein tokiko lurren atxikitzea eta elikadura ekoizpena.
Etxebizitzari buruz, Departamenduak aste honetan Etxebizitza Plana abian emango duenez, “gasen isuriak apaldu eta lurrak gordetzeko, ezin dugu segitu lurra artifizializatzen, nahiz eta konsziente garen etxebizitza behar handia dagoela”, dio Elizaldek. Hortaz, hiri-barneetan etxeen zaharberritzeko plan bat galdegiten dute. Aldi berean, herritarren garraio-ereduan eraginez. Bestalde, Urruñako herriko etxeak egin duen apostuaren haritik, Elikagai Seguritate Soziala sortzea proposatzen dute, “segurtatzeko herritar guziek izanen dutela aski jateko, sanoki eta lokalki”. Bertako ekoizpenak bultzatuz, eta beraz, lur produktiboak atxikiz.
Bestalde, lantegi zein industriguneetan, tokian-tokiko energia berriztagarriak sortzeko aukera ote dagoen aztertzea ere nahi dute, Hendaiako Intzuran edota Urruñako Berruetan.
Erretreta erreforma
Bestalde, talde politiko ezkertiar guztiek bat eginik, erretreta erreformaren kontrako mozioa bozkatu zuten. Urgentzia finantzierorik ez dagoela, eta beraz erreformaren beharrik ere ez dagoela argudiatuta. “Ustezko defizitza orekatzeko urtero 25.000 milioi euro bildu” daitezkeela dio Elizaldek, “frantses estatuan emakumeek jasaten duten %23ko soldata arrakalarekin amaituta (kotizazioak hobetuz), ondasun handien zerga berreskuratuz eta ihes fiskala borrokatuz”. Horrek erreforma gelditzeko ez ezik, erretreta adina 60 urtetan eta kotizazioa 37,5 urtetan ezartzeko emango luke bere ustetan. Baina eskuin eta zentroko alderdiek kontra bozkatu zuten, eta beraz, “erreformaren alde”. Mozioaren testuan oroitarazi dute frantses langileen %93a erreformaren kontra dagoela. Eta nekez jaso ahal izango duela inork 43 urte kotizatu pentsio osoa jasotzeko. Are gehiago jakinik 55 urtez gorako frantsesen %56a lanik gabe dagoela gaur egun.
Trenbide sare egokia
Garraioari dagokionez, AHTaz ere eztabaidatu zuten Paueko kontseiluan. Jakina da EH BAIren AHTaren kontrako jarrera irmoa. “Hautu politiko bat da, eta alde daudenek duten zilegitasun bera ez ezik, badirudi hemen alde direnak aurrerakoiak direla, eta kontra gaudenok kobazulora itzuli nahi dugula, baina ez da hori”, kexu da Elizalde. Izan ere, halako inbertsio itzelak egin beharrean, herritarren egunerokoa erraztu eta trantsizio ekologikoan lagunduko lukeen eguneroko trenbide sare egoki bat hobesten du EH BAIk. “Hemen behar duguna da, egunerokoan Hendaiatik Baionara edo Donostiara joan ahal izateko tren zerbitzu egoki bat, autolerroetan ordu erdi ala bi ez galtzeko. Gainerako proposamenak fantasia interesatuak dira”.