Europak 2030erako agintzen duen %70eko berziklatze-tasarekin bete nahi bada, herritarrek etxeko sailkatze lanak hobeto egin eta hondakin organikoaren bilketa bikoiztu beharko da.
Irunen eta Hondarribian hondakinen berziklatze-tasari bultzada berri bat emateko BIDASOS 2030 kanpaina aurkeztu berri dute Txingudiko Zerbitzuak, ECOEMBES eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. 35.000 euroko laguntza eman dute aldunditik komunikazio kanpainan laguntzeko. Izan ere, “urteotan egindako lana handia izan bada ere, ahaleginak bikoiztu” beharra nabarmendu du Jose Ingazio Asensio Ingurumeneko diputatuak.
Behe Bidasoaldean berziklatze-tasa %54a inguruan estankatu egin dela aitortu digu Leire Zubiturrek, Txinzerreko kudeatzaileak. “Urteetan hobekuntza etengabea lortu eta gero hau moteldu egin da azken urteetan, eta helburuetara iritsi nahi bada estrategia berriak bilatu behar dira oraindik ere berziklatzen ez duenak hondakinak sailkatzen has dadin”, argitu du. Izan ere, Europako araudiak markatzen dituen helburuen arabera, 2030 urterako hondakinen %70a berziklatu beharko dute herrialde guztiek, eta 2025erako %60a.
Kanpaina eta estrategia berriaren lanketa, Irungo Landetxa-Katea auzoko frontoiaren aldamenean lanean hasi den bulego ibiltariarekin hasi dute. Martxoaren 17a arte egongo da bertan informatzen, eta ingurumen hezitzaile batek auzoko elkarte, ikastetxe eta eragileekin sentsibilizazio lan bat egingo du ere. Indar berezi bat egingo dute hondakin organikoen sailkatzean. Auzo horretan etxebizitzen %45ak baizik ez du kontenedore marroia erabiltzeko alta eman. “Berziklatze kopuruak hobetzeko, erabateko pisua du horrek, etxe batean sortzen ditugun hondakinen %40a organikoak direla kontuan hartu behar baita”, argitu du Zubiturrek.
Bestalde, hondakin-kontenedore irla edo gune bakoitzeko hondakin kopuruak neurtuko dituzte, eta kontrol zorrotza eramango dute. Landetxa-Katean bezala, gero Irungo eta Hondarribiko gainerako auzoetatik iragango da BIDASOS 2030eko bulego ibiltaria