Ortzegun Gizenarekin herriko haurrek emanen diete hasiera 2023ko iñauteriei. Igandean berriz, gazte eta helduen txanda izanen da, Iñude eta Artzaien kalejirarekin. Bukatzeko, astelehenean denak elkartuko dira mozorroen besta ospatzeko.
Orain dela pare bat aste ospatu zituzten Beran Kaldereroak. Ekitaldi honek iñauteriak hurbil daudela jakinarazten die herritarrei eta dagoeneko hemen daude 2023ko iñauteriak. Hain zuzen ere, bihartik aitzinera ospatuko dituzte Beran aurtengo iñauteriak. Ortzegun Gizena, igandea eta astelehena izaten dira egun nagusienak eta horretarako prest daude beratarrak.
Bihar, otsailaren 16an, Ortzegun Gizena ospatuko dute Bortzirietako herri honetan. Haurrak izanen dira protagonistak bertan eta Eneritz Zapiain beratarrak aipatu digunez, “eskean ibiliko dira goizean zehar herritik, etxez etxe”. Arratsaldean berriz, mozorroz aldatu, eta Iñude eta Artzaiak ospatuko dituzte herriko ttikienek.
Igandean berriz, otsailaren 19an, gazte eta helduek hartuko dute besten lekukoa. Iñude eta Artzaiz mozortuko dira eurek ere eta kalejira eginen dute herriko auzoetatik. Zapiainek besta honek zenbait berezitasun dituela ere azaldu digu: “Beran ez dira Irunen eta Donostian bezala ospatzen Iñude eta Artzaiak. Neskak mutilez mozorratzen baitira eta mutilak neskaz. Horrek ematen dio iñauterien ukitua”. Arratsaldean bukatuko du taldeak kalejira eta Eneritzek argitu digunez, arratsean ere luzatuko da besta.
Azkenik, astelehena ere ospatuko dute beratarrek. Goizean, zenbait talde baserriz baserri ibiliko dira eskean, elkarrekin gosaldu ondotik. Eguerdi aldera berriz, herritar guztiak, haur, gazte, zein heldu, Beran elkartuko dira mozorro besta ospatzeko. “Mozorroak eta karrozak ikusteko aukera egonen da orduan”, Zapiainek erran duenez.
Egitarau oparoa dute Beran 2023ko iñauteriak ospatzeko. Bihartik aitzinera, ohiturei jarraipena emanen diete Bortzirietako herri honetan eta herritar guztiak izanen dira protagonistak bertan.
(Argazkia: Gaizka Untzueta)