Errepublika plazako 22 zuhaitzetatik 3 gazteenak Dongoxeniara trasplantatuko dituzte datorren astean. Eta herriko etxeko lehen analisiek dioten bezala, gainontzekoak eri direla egiaztatuko balitz, udazkenean moztuko lituzkete plazaren arraberritze proiektua kari.
Hendaiako 30 bat lagun mobilizatu ziren atzo hiri-barneko Errepublika plazaren berrantolaketa proiektuaren baitan, herriko etxeak kendu nahi dituen 22 ezkiak salbatzeko. Obrak heldu den udazkenean hasiko badira ere, sinadura bilketa martxan jarri dute fite, ustez zuhaitzak kentzeko lanengatik otsailaren 16tik 21era plazan aparkatzea debekatzen duen oharra afitxatu zutela ikusi bezain pronto. Plazako zuhaitz guztietan "NON-EZ MOZTU", "Airea garbitzen ari naiz, oxigenoa sortzen" dioten kartelak afitxatu dituzte ACE eta CADE talde ekologistetako kideek. Eta 1968an azken aldiz plaza berritu zeneko eta duela mende beteko postaletako argazkiak ere zintzilikatu dituzte, ezkiak "zentenarioak" direla oroitaraziz.
GNSA erakundeak adostutako plana
Talde ekologistekin batera, Harrixabaleta auzo elkarteko zein Hendaia Biltzen udal taldeko ordezkariak ere bildu ziren elgarretaratzera. Eta hiri-zuhaitzen defentsan eskarmentua duen Irungo Artiako Lagunak taldeko ordezkariak ere hurbildu ziren beren sustengua ematera. Bestalde, GNSA Zuhaitzen Defentsarako Frantziako Erakundeko presidenta-ordeak Geraldine Jourdanek bilkura izan zuen Kotte Ecenarro auzapeza eta Ganix Grabiere arloko udal ordezkariarekin.
Maryvone Gervaise, ACE elkarteko kideak azaldu digunez, hiru zuhaitz gazteenak Dongoxeniara trasplantatuko dituzte. "Baina greenwashing edo itxurakeria besterik ez du egingo herriko etxeak", bere ustetan, gainerakoak zuhaitzak eri direlako aitzakiarekin kendu edo akatuko baitituzte. Elkarteak gogoan du 1968an kioskoa kentzeko plazaren arraberritze integrala egin zenean zuhaitzak atxiki zirela, eta oraingoan ere 'Petite Ville de Demaine' edo 'Biharko Hiri Ttipiak' ekimenarekin bat egin duen Hendaiako Herriko Etxeak "zentenarioak diren zuhaitzak errespetatu beharko" lituzkeela aldarrikatzen dute. "Guztion osasuna hobetzen duten zuhaitzak dira, eta ezin dira obra batengatik ezabatzea erabaki", dio ACE taldeko kideak.
Aipatutako bileran, GNSAko ordezkariak hainbat puntu argitu ahal izan zituen udal ordezkariekin. Geraldine Jourdanek aditzera eman duenez, Bidassoa ostatu parean dauden hiru ezki gazteenak orain trasplantatuko dituzte Dongoxenia auzora. Prefetaren baimena dute horretarako. Eta gainerako zuhaitzak urrian kenduko lituzke udalak obrak hasi aitzin. Auzapezak argudiatu duenez, azterketa fitosanitario bat egin zaie, eta gaixorik daude, bereziki horietartiko 8. Halere, GNSAko ordezkariak orain arte egindako azterketekin erkatzeko datozen bi asteetan bigarren espertise baten analisia egitea lortu du. Bestalde, Bixintxo eliza parean dauden zuhaitzak osasun onean daude. Eta hauek "absolutoki atxiki behar" direlakoan da zuhaitzen defentsarako erakundea.
Informazio eskaxa
Nolanahi ere, herriko etxeak informazio eskaxa eman duela salatu dute. Eta zuhaitzak salbatzeko sinadurak biltzen hasi dira. Hendaia Biltzeneko bozeramalea, Letizia Navarronek aipatu du informazio eskaxa eman dietela herritarrei ez ezik, urbanismo batzordean ere. "Ez da oso argi plan egoki bat aztertu ote duten obrak zuhaitzen inguruan egiteko aukerari buruz, hauek atxikiz, askotan hirigintza lanak buldozer moduan egiten dituzte", salatu du hautetsi abertzaleak.
Bertan bildutako eragileen artean, Artiako Lagunak taldeko Alazne Izulainek oroitarazi du, Hendaiakoa ez dela apartekoa, eta agintarien ustezko "politika berdeen gibelean egia estali eta gezurrak" daudela. "Irunen eta Hondarribian bezala, beti urbanismoa eta porlana dago zuhaitzen aurretik, gaizki kimatu eta ito egiten dituzte, gero urbanismoarekin hasi eta mozteko, kentzen dituztela diotelako baina moztu eta akatzen dituzte" salatzen du Izulainek. Zuhaitz zahar batek itzala eman artean behar dituen hamarkada luzeak gogoan, hirigintza lanen ondotik zuhaitz gazteak landatzen dituzte beti. Baina bere ustetan, "greenwashinga hiru hizkuntzetan" egin du Hendaiako Herriko Etxeak plazaren berrantolaketa proiektuari buruz informatzen duen panoarekin. "Hiru zuhaitz birlandatuko dituztela diote, baina ez dute esaten 22 moztuko dituztela".