Bi urteko ikerketa amaitutzat eman dute Aranzadiko eta EHUko ikerlariek. Jaizkibelgo hargin-maixu baten testamentutik abiatuta, errotarriak esportatu izan zituztela baieztatu egin zuten iaz. Eta orain Sevillan Ameriketarako salerosketan hondarribiar baten aipua topatuta ere, "errotarrien jatorriari buruzko esaldi zehatza" falta zaie zirkuloa borobiltzeko.
Historiak bere baitan gordetzen dituen altxor eta misterioetako bat azalarazi egin dute Aranzadi Zientzi Elkarteko eta EHUko ikerlariek Hondarribiko Jaizkibel mendian. Ikerketa oro bezala, lehen pistak sorrarazitako jakinminetik egin dute ibilbidea. Izan ere, Jaizkibelgo errotarrien lehen erreferentzia 1580. urtean hargin maisu baten aipua izanik, zazpi errotarri aurkitu zituzten mendian bertan, harginen ama den Santa Barbara gunetik hurbil. "Dena lotzen joan ginen ikerketak aurrera zihoan heinean, apurtutako errotarriak topatu genituen mendian bertan, duela 500 urte han begibistan egon direnak", kontatzen du Denis Alvarez Perez-Sostoa EHUko irakasle eta adituak.
Aranzadiko Iñaki Sanz Azkue, Joseba Alonso eta Javi Castrorekin aritu da ikerketa honetan hastapenetik, eta iaz Hondarribiko Udalak 15.000 eurorekin bigarren fase bat aztertzeko laguntza onartu ondotik, Josu Narbarte ikerlaria ere batu zaie azken txanpa honetan.
Hondarribiko errotarriak Ameriketan
Iaz ‘Errotarri Harrobiak Jaizkibel Mendian, Hondarribiko XVI. mendeko gizartea eta ofizioak’ lana aurkeztu zuten. Baina behin Jaizkibelen harrobiak zeudela eta errotarriak esportatzen zituztela baieztatuta, zergatik eta nora bidaltzen ziren argitu nahi izan dute. "Indias edo Ameriketara bidaltzen ote ziren pentsatu genuen, garai haietan Hondarribian udalak erabiltzen dituen errotarriak ez baitziren bertakoak, eta beraz, bertan egindakoak kanpoan saltzeko behar zuten", argitzen du historialari hondarribiarrak, "jakin izan genuen Cadiz eta Sevillara ere bidali izan zirela, han harrobiak bazirenean, beraz, Jaizkibelgoak kalitate onekoak izango zirela ondorioztatu genuen".
Hari horretatik tiraka, ikerketaren bigarren zati honetan ezin izan dute agirien bitartez Hondarribiko errotak Ameriketara igorri ote ziren ala ez egiaztatu. Baina zantzu guztiak bildu dituzte hori pentsatzeko. "Martin de Enparan izeneko marinel baten aipuak aurkitu ditugu, non errotarriak kustodiatu zituen Hondarribitik Sevillara, eta Ameriketara joan zelarik, itzulian ardo salerosketan merkataritza lanak egin zituenak", esplikatzen du Denisek. "Argitu ahal izan dugunagatik, normalean familia bereko senide desberdinek antolatu ohi zuten industria osoa funtzio desberdinekin eta negozioa etxean geratuz", dio. Izan ere, hargin maixuaren seme batek garraiatzen zituen eta beste batek saldu, eta argitu duenez, zenbait kasuetan, Andaluzian bazen familiako kideren bat handik lan egiten zuena.
Industria oparoa
Nolanahi ere, ez zen negozio txikia. Garai hartan Jaizkibelen 100 errotarri, Galiziara 60 bidaliak eta beste 100 Santa Engraziko portu txikian bidaltzeko prest zituela dion testamentu agiri bat aurkitu dugu, eta errotarri bakoitzak garaiko 15 dukatu balio zuen", nabarmentzen du historialariak. Aranzadi elkarteko adituek argitu dutenez, egungo 3.000 euro baino gehiago lirateke errotarri bakoitzaren prezioa merkatuan. Horrek ideia bat egiten du, orain arte ezezaguna genuen Hondarribiko industria horrek izan zuen garrantziari buruz.
Izan ere, mendian 500 metrotara landutako harriak jeisteko garraioa bideratu behar zuten Santa Engraziko ontziralekuraino asto edo idiekin, bertatik itsasoz garraiatu gero, txalupak behar zituzten, eta merkataritza salerosketa kudeatu ere, industria oso bat zegoen", esplikatzen du Denis Alvarez Perez-Sostoak.
Azalpen gehiago behar dituenak, Antxeta Irratian egindako elkarrizketan ez ezik, Arma Plaza Fundazioak antolatzen duen 'Ezagutu Zure Hiria' ekimenaren hurrengo saio du horretarako aukera. Otsailaren 24an 19:00etan hitzaldia emango baitu Arma Plazan bertan (euskara hutsez), eta otsailaren 25ean bisita gidatua mendian errotarrien eta harrobien ikustera. Xehetasunak eta izen-emateko www.armaplaza.eus