Guraso Laguna programari bultzada eman nahi diote Hondarribian, familiarteko euskara indartzeko

Antxeta Irratia 2023ko ots. 14a, 00:00

Otsailaren 25ean (10:00etan) Jaitzubiko padurara bisita gidatua antolatu dute familian egiteko, aisialdian euskara gehiago eta gehiagorekin egin nahi duten guraso eta seme-alabei zuzenduta.  

Hondarribiko Euskara Zerbitzutik 2017an abian jarritako Guraso Laguna egitasmoa sendotzen doa pixkanaka. Egia da, halere, pandemia denboran jarduerak nekez antolatu ahal izan zituztela, baina online ekintzak antolatuz dinamika ez zen erabat apurtu, eta honezkero taldeak egonkor mantentzen dira. Herriko gurasoei eta haien seme-alabei euskaraz hitzegiteko abagunea eskaintzen die ekimen honek, betiere, Talaia, Ama Guadalupekoa eta Egiluze ikastetxeen konplizidadearekin.

Mertxe Gerriko, Euskaltegiko eta Mintzalaguna programaren eramaileak aitortu duenez, "azken inkesten arabera euskararen erabilera apaldu egin bada ere herrian, haurrak dauden lekuan gehiago entzuten dela argi dago". Zentzu honetan, familien aisialdian ere euskaraz aritzeko aukera eskaintzen dute halako ekintzek. Eta ez familiako senideen artean soilik, "baita parte hartzen duten familietako gurasoen artean ere".

Oraingo honetan, otsailaren 25rako eman dute hitzordua. Txingudi Ekoetxeko aditu baten eskutik Jaitzubiko padura eta Plaiaundiko hezegunera bisita gidatua egingo dute. Dohakoa da eta otsailaren 20a arte izena eman daiteke mintzalaguna@hondarribia.eus