Irungo Udalak 250.000 eurorekin diruz lagunduta, Real Unionek (RFEF) Federazio 1 mailako beharretara egokitzeko hobekuntzak amaitutzat eman ditu. Udalak igogailu bat ere eraiki nahi du irisgarritasun arauak betetzeko.
Igor Emeryk, Real Union klubeko presidenteak nabarmendu duenez, “historian errotuta baina etorkizunean hazten jarraitzeko begirada galdu gabe” gauzatu dute Stadium Gal zelaiaren itxura berritzea. “Irudi aldetik eta erosotasunaren ikuspegitik” hobekuntza nabarmena dela azpimarratu du Jose Antonio Santano alkateak ere, kirol instalazioetara gaur egindako bisitan. Iaz udalak hartutako konpromisoa bete egin duela nabarmendu du, eta klubak bere partetik ahalgin ekonomikoa egin badu ere, Irungo Udalak 250.000 euroko laguntza ekarri du estadioa garai berrietara egokitzeko.
Izan ere, Federazio 1 mailan aritzeko gutxieneko 4.000 eserlekuak segurtatu behar zituzten harmailetan. Eta hauek berritzeaz gain, hainbat hobekuntza egin dituzte azken bi urteotan, argiztapena hobetu edota markagailua berritu besteak beste. Emeryk azaldu duenez, “zaleen babesa garrantzitsua bada, haien beharrak ere kontuan hartzen ditugu, eta orain Gal inoiz baino hobe ikustea pozgarria da denentzat”. Zentzu honetan, kirol mailan hobetzen joateko klubaren sustraietara jo nahi izan dute ere, txuribeltz garaie oparoagoak goraipatuz. Eta eserlekuekin batera, estadioaren hormak atondu egin dituzte klubaren historiari eta irabazitako lau Kopa tituluei keinua eginez.
Baina hobekuntza hauek abiapuntua besterik ez direla argitu dute udal zein klubeko agintariek. Alkateak segurtatu duenez, udaleko hirigintza arloak udal eraikinen irisgarritasun arauak betetzeko igogailu baten eraikuntza proiektua eramango du bertan.