EHPM: «458 euroko pentsioarekin milaka daude Euskal Herrian, hori ezin da onartu, ezta pentsatu ere egin!»

Antxeta Irratia 2023ko ots. 13a, 00:00

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) mobilizazioak azkartuko ditu, martxoaren 13tik 18ra astebeteko ekinaldiarekin. ‘1.080 euroko gutxiengo pentsioa, baina ya!’ lelopean, Hego Euskal Herrian 190.000 pentsiodun pobreziaren mugaren azpitik daudela salatuko dute. 

Txingudiko Pentsionisten Plataformak elgarretaratze deialdia egin du gaur, astero bezala, eguerditan Irungo San Juan plazan. Baina mobilizazioak azkartzeko prestatzen ari dira. Escriva espainiar ministroari eskutitza idatzi diote Euskal Herriko Pentsionisten Mugimendutik "1.080ko gutxieneko pentsioa eskatuz eta argudiatuz". Izan ere, Patxi Bengoetxea plataformako kideak dioenez, "Hegoalden milaka jubilatuk dituzten pentsioak ikusita, pena ematen du, ez du izenik".

Txosten ofizialen arabera, EAEn 143.000 pentsiodun eta Nafarroan beste 38.000 daude pobrezia mugaren azpitik, 688 euro hileroko pentsioa dutenak. Baina beste 72.000 (EAEn) eta 17.000 daude Nafarroan, 458 euro baino gutxiago kobratzen dutenak. “Hori ezin da ez dagoeneko onartu, baizik eta ezin da ezta pentsatu ere egin!”, dio Bengoetxeak. Lupe Zapiain plataformakideak gogoratzen duenez, emakumeen kasuak dira zaurgarrienak. "Alarguntzen diren emakume asko oso baldintza eta babes eskaxarekin geratzen dira, oso bizimodu kaxkarrarekin", dio.

Atzetik datozenentzat borrokatzen

Hori guztia kontuan hartuta, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzearekin batera, bere aurrekontuekin pentsio apal horiek osatzeko dituen eskumenak balia ditzala eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari. Errealitate honen berri emango diete Emakunderi eta Eusko Legebiltzarreko alderdi politiko guztiei ere. Martxoaren 13tik 18ra Bilbon antolatu duten egitarauaren baitan, pentsiodunen arteko mahainguru eta mobilizazioekin batera, agintariak interpelatzeko bilerak hitzartu baitituzte. "Ohartu daitezela ez garela tontuak, badakigula zertan ari diren Europa osoan bezala, hemen ere”, dio Bengoetxeak, “erreformak egiten dituzte beti a la baja, badakigu denak zer gertatu zen Grezian ere, Ingalaterran, Alemanian, Frantzian zertan ari diren… ikusten ari gara”.

Hala eta guztiz ere, jende gaztea ez da gehiegi mugitzen ari, eta pentsiodunen plataformak bost urtez mobilizatu ondotik, eskualdez-eskualde, Euskal Herri mailan ez ezik espainiar Estatu mailan ere federatu eta indarrak batu dituzte. “Ez dakit zein drogarekin ari diren herria lasaitzen, lozorroan gaude, ze jendea ez da mugitzen”, ohartarazten dute.

Zentzu horretan, jende gaztea aktibatu eta batu nahi dute euren mugimendura. Eta horretarako aukera emango du Bilboko ekintzak. Aipatutakoez gain, oraindik iragarri ez duten leku batean “asanblada-baraualdia eta itxialdia” aurreikusia dute. Aste osoan zehar 30 lagunek parte hartuko dute itxialdian. "Guk gure pentsioa dugu, ez gaude guretzat borrokatzen ari, atzetik datoztenentzat baizik", oroitarazten du Bengoetxeak. Mobilizazioak bururatzeko, martxoaren 18an (12:00etan) manifestazio nazionala deitu dute Bilbon.